Ahotsak batu, begiradak eraldatu lelopean, Euskal Herriko Irakurketa Feministen Taldeen Topaketa egingo dute bihar, azaroak 14, Kulturaten. Goiz osoko topaketa bereziak Emakume Txokoko irakurketa talde feministan du abiapuntua: "Duela hamar urte liburuen inguruan biltzen hasi ginen emakume talde bat. Denborarekin, liburuei buruz hitz egiteko leku bat izateaz gain, taldea bera topaketarako, elkarrizketarako eta konfiantzarako gune ere bihurtu zen. Gune hori taldea osatu dugun emakumeok eraiki dugu pixkanaka".
Ospatu, bizitakoa partekatzeko
Eta hamar urteko ibilbide hori, partekatuz ospatu nahi dute: "Gure esperientzia partekatu nahi dugu, badakigu-eta beste herri batzuetan halako taldeak badaudela. Topaketa ez dugu haiendako bakarrik antolatu, baizik eta irakurketa feministekin interesatuta dagoen edozein emakumeri luzatu diogu gonbita. Irakurri izan ditugun liburuak eta bizi izan ditugun esperientziak partekatu nahi ditugu topaketa honekin. Izan ere, hamar urteotan bizi izan duguna oso interesgarria eta aberasgarria izan da guretzat. Liburuak modu eta aitzakia ederra dira elkarrekin egon eta esperientziak partekatzeko", adierazi du Emakume Txokoko irakurketa taldeko kide Miren Bengoak.
Kulturaten 67 lagun espero dira
Biharko topaketan 67 lagun espero dituzte eta Arrasateko taldekoez gain, honako herri hauetatik etorriko dira irakurleak, besteak beste: Bergara, Aretxabaleta, Tolosa, Hondarribia, Hernani, Bermeo eta Gasteiz. Sei liburu aukeratu dituzte eta liburu bakoitzak dinamizatzaile bat izango du: Fatima Mernissi idazlearen Terraza debekatua liburuak Ainhoa Aldazabal izango du dinamizatzaile; Arantxa Iturberen Koadernoa zuri lanak, Maider Avaristo; Danele Sarriugarteren Beste zerbait lanak, Oihana Arana; Sayaka Murata idazlearen La dependienta liburuak Monica Leiva izango du dinamizatzaile; Yolanda Arroyo Pizarroren Las Negras liburuak, Luciana Alfaro; eta, azkenik, Lilia Monpléren Neighbours liburuak Mertxe Tranche izango du dinamizatzaile. Lehen hiru liburuen gaineko lanketa euskaraz egingo dute eta gainerako hiruena, berriz, gazteleraz.
Topaketari amaiera, umoretik
Topaketan izena eman duenak badaki biharko topaketan aldez aurretik irakurri duen ze libururekin tokatuko zaion lanketa egitea eta ongietorriaren eta aurkezpenaren ostean, 10:15etik 12:15era, Kulturateko gela ezberdinetan elkartuko dira talde txikietan, nor bere dinamizatzailearekin. Ondoren, talde txikietan ateratako ideia nagusiak partekatuko dituzte areto nagusian. Topaketari umore klabean emango diote amaiera, izan ere, Beatriz Egizabal clown eta aktore feministak Clownklusioak izeneko saioa eskainiko du, topaketaren ondorio nagusiak umore ukituarekin kontatzeko. Gero, Kulturatetik Emakume Txokora joango dira, bertan bazkaldu eta DJ Siwanabak girotutako bazkalosteaz gozatzeko.
Udal Bibliotekan, Kuttunenak
Gainera, Emakume Txokoan bertan ikusgai dago, bihar arte, Irakurketa Feministen Gunearen hamar urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa interaktiboa. QR kodeen bidez, liburuei eta bizipen pertsonalei buruzko hainbat ahots entzuteko aukera dago, besteak beste. Bestalde, Udal Bibliotekan erakustoki tematiko bat ere jarri dute ikusgai, taldearen "irakurketa kuttunenak" biltzeko. Bertan, azken hamar urteetan irakurritako liburuen artean aukeratutako lanak ezagutzeaz gain, taldekideen ekarpenak jasotzen dituen Kuttunenak liburuxka ere eskuragarri dago nahi duenarentzat.