Kantuak "leun kantatuta eta hitzez azalduta", Gariren zuzeneko intimoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Gari musikaria bakarkako formatuan izango da Arrasaten eguenean. Argazkia: Gari.

Kontzertua emango du Arrasateko gaztetxean datorren eguenean, 22:00etan.

Arrasate "gustuko herria" duela aitortu du Gari (Legazpi, 1963) musikariak, eta "pozik" hartu du Arrasateko gaztetxean kontzertua emateko gonbidapena. Ez da Kooltur Ostegunetan izango den lehen aldia, hark zabaldu zuen-eta, orain dela urte batzuk, Kooltur Ekintzak taldearen eguenetako zikloa, eta hirugarrenez gonbidatu dute. "Arrasateko irudi edo argazki asko datozkit burura. Gustuko dut Arrasatera joatea, eta oraingoan bakarkako formatuan noa, gainera. Formatu horrek askatasuna ematen dit, eta publikoari beste Gari bat ikusteko eta Gariren kantuak beste modu batera entzuteko eta gozatzeko aukera ematen dio", azaldu du musikariak. 

30 urtetik gorako ibilbidea

1995ean argitaratu zuen Gari izeneko bakarkako estreinako lana mugarria izan zen musikariarentzat, eta baita musikazaleentzat ere, eta iaz, disko horren berrargitalpena kaleratu zuten. "Elkar diskoetxeak aukera eman zidan proiektuari halako birbegirada bat emateko, eta, egia esan, asko disfrutatu nuen. Garai bateko irudi eta anekdota pila bat etorri zitzaizkidan, eta grabazio originala entzuterakoan konturatu nintzen lana nahiko txukun eta dotore eginda zegoela, nahiz eta niretzat ez izan garai eguzkitsua eta argitsua. Nire ibilbidean, nire ustez, gehiago izan dira bihurguneak bide lasaia eta zuzena baino, eta horrek nahitaez eragin du nigan, ez artistikoki bakarrik. Ez naiz atzera begiratzeko zalea; noizean behin atzerako ispilutik begiratzen badut ere, nire bizitza egunerokoarekin lotzen saiatzen naiz, alerta goxo batean mantentzen nau horrek, eta artistikoki ere on egiten dit".

Gustura dago orain, haren ibilbide luzean zehar lanarekin disfrutatzen ikasi duela aitortuta: "Estudioan gozatu egiten dut, eta baita zuzenekoetan ere. Urte asko behar izan ditut nire beldurrak eta ideiak uxatu eta taularen gainean eta estudioan planteamendu berri batekin aritzeko. Pixkanaka eraiki dudan prozesuan konturatu naiz, hein handi batean, lortu dudala". 

Bertsio eguneratuak

Maldanbera taldea du azkeneko urteetan lagun, baina "gustura" jarduten du bakarkako formatuan ere. "Musikari moduan zabalago sentitzen dut neure burua, disfrutatu egin dut aurrez egindako kantuak berreskuratzerakoan, baina esango nuke lehenengo diskoko kantuek edo, orokorrean, kantu zaharrek gaur egungo zuzenekoetan ez dutela zerikusirik. Espirituan bai, azken finean hitzak direlako abiapuntua, baina jarrera erabat ezberdina da; ez dut modu berean jotzen, adibidez, Amets lehen eta orain. Beste ikuspuntu batetik egindako bertsioak prestatzen ditut, gaurko begiradatik; hazkunde bat bezala ikusten dut neure burua musikari bezala. Ulertzen dut jende askok nostalgia-puntu bat izatea eta nostalgiara bueltatzen saiatzea, baina horrek ez nau asetzen edo indarberritzen, nahiago dut sentitzea artista moduan gauza asko ditudala oraindik egiteke eta badagoela hor abentura edo bidaia berri bat, nahiz eta lehen aldia ez izan".

Gari: "Gaur egungo begiradatik prestatu ditut garai bateko kantu ezagunak"

Eguenean publikoak Gari beste modu batean entzuteko aukera izango duela gaineratu du: "Oinarria hitza da; hitzaren inguruan eta hitz horrek dakarren doinuekin jolasean ibiliko naiz, askatasun osoz, baina ardatza hitza da. Bakarka aritzeak sekulako askatasuna ematen dit nolabaiteko bakarrizketa bat egiteko, non kantuak anekdotekin eta bizitzarekin lotzen ditudan. Kantuak formatu goxo batean gerturatzea da asmoa, etxeko saloian egongo bagina bezala; formatu oso txikian eta oso leun kantatuta izango dira".

Zirkuitu txikien garrantzia

Arduraz ikusten du euskal kulturaren eremuak urritzen ari direla: "Inkongruentzia bat dago hor; izan ere, ia herri guztietan kultura-azpiegitura oso potenteak ditugu, baina gero eta konplikatuagoa da, bereziki, proiektu txikiak zabaltzea, eta artista-ofizioa lantzeko zirkuitu txikiak behar ditugu. Ondo dago proiektu handiak babestea, hori ere behar dugu kultura txikia izanda, baina beheko zirkuitua ahaztu barik, hor egiten dira-eta artistak, eta hori galtzen badugu ez dakit nola berpiztu ahal izango dugun gure kultura". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak