Bigarren zatian egin dio ihes Muruari finalerako txartelak (22-11)

Hasier Larrea

Javier Zabalak 22-11 irabazi dio Ander Muruari Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatutako Lau t'erdiko bigarren finalerdian. Penaz esan dio agur txapelketari arrasatearrak, 8-9 joan baita aurretik, Zabalak bere jokoa ezarri duen arte. Datorren domekan azken dantza eskainiko die pilotazaleei Uarkapen, Altunarekin hirugarren postua izango baitu jokoan. 

Harro egoteko moduko txapelketa egin du Ander Muruak. Aurtengo sorpresa nagusia izan da, eta datorren urtean ere Lauterdiko goi mailako pilotarien artean ikusiko dugu. Darioren bezperako lesio batek zabaldu zizkion aurre-kanporaketa jokatzeko ateak, eta Senarren aurka gailenduta, Elordi, Ezkurdia eta Etxeberria izan zituen aurkari finalaurrekora sailkatzeko ligaxkan. Egungo txapeldun Etxeberriak bakarrik irabazi zion, oso kontuan hartzeko pilotaria dela erakutsita.

Gaur haren tamainako hezurrari hozka egitea egokitu zaio Gasteizko Ogetan. Sustoa eman du hasi eta berehala, bipareta bat jasotzerakoan orkatila bihurtu baitu, baina ez du jokatzen jarraitzeko oztoporik izan. Horren ostean Javier Zabalak aurrea hartu dio markagailuan, baina horma-biko zorrotzak baliatuta aurretik jartzea ere lortu du, 9-8koan. Hortik aurrera errioxarrak erakutsi dio bizkarra, eta batak asmatu eta besteak huts egitearen ondorioz, 14 eta 2ko partzialarekin iritsi da 22raino. 

Muruak berak onartu du bigarren zati horretan "endredatu" egin dela, behar ez ziren erabakiak hartu dituelako: "Ezkerrarekin bi-paretak botatzen hasi naiz frontisean luzatu behar nuenean. Eta berak beste erritmo bat sartzen dio pilotari. Merezimendu guztiarekin irabazi dit", esan du. 

Txapelketari agur, etxean

Hirugarren posturako partidua jokatuko du Muruak datorren domekan Uarkapen, eta Jokin Altuna izango du aurkari, kaiolako espezialistarekin handiena. Horren harira, "ametsa Bilboko finalean elkarren aurka jokatzea zela" adierazi du, "baina Arrasaten jokatzeak ere ilusioa" egingo diola, "herriak erantzungo duelako, hilabete honetan zehar bezala".

Finala aurreko urteko berbera izango da, Peio Etxeberria eta Javier Zabalaren artekoa. Azaroaren 22an jokatuko dute, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak