Arrasatekoak, Bergarakoak, Bermeokoak, Oñatikoak, Aretxabaletakoak, Eskoriatzakoak, Murgiakoak, Gasteizkoak... Askotariko adinetako trikiti eta pandero ikasleak elkartu dira gaur Arrasaten, Arrasateko, Bergarako eta Bermeoko Trikiti Eskolen ekimenez egin duten duten Trikitilari Helduen Topaketan.
Ekimenaren hirugarren aldia izan da gaurkoa, eta 120 musikari elkartu dira denera. Lehenengo, Herriko Plazatik abiatuta kalejira egin dute; bazkaria eta Garazi eta Amaiurrek emandako kontzertua etorri dira gero. "Zoragarri joan da eguna, errepikatzeko gogoz geratu gara", azaldu du Arrasateko Trikitixa Eskolako zuzendari Maixa Lizarribarrek, eta gaineratu: "Ikasleetako batzuek gertu izan dute euren bizitzan zehar trikitia, beste batzuk ez; badira erretiroa hartu dutenean ikasten hasi direnak... Gaurko kalejira eta gero izan dugun mahai-ingurua ikusita, esan daiteke ez dagoela trikitia eta panderoa jotzen ikasteko adinik".