Garazi Esnaolak pianoa eta ahotsaren intimitatea eroango ditu JAMEra

Koldo Zubia Salas

Garazi Esnaola piano-jotzaile lizartzarra. Argazkia: Oreixe Akustikoa. 

Garazi Esnaola piano-jotzaile lizartzarrak Ez gaude hemen bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du gaur, Juan Arzamendi Musika Etxean, 19:30ean.

Pianoa eta teklatua lagun, Oreixe Akustikoaren barruan, ekitaldiko kontzerturik "akustikoena" emango du. Antolatzaileek diotenez, Esnaolaren proposamena formatu horretara "oso ondo" egokitzen da, eta herritarrak kontzertura joatera animatu dituzte.

Hamabost urteko ibilbidea

Esnaolak hamabost urte inguruko ibilbidea du Euskal Herriko musika-eszenan. Hainbat taldetan eta musika-proiektutan aritu da, bai zuzenekoetan eta baita estudioko grabazioetan. Izaro eta Janus Lester artista ezagunekin ere egin du lan. Orain, bakarlari gisa abiatu du proiektua. Ez gaude hemen da haren bakarkako lehen lana. Pianoa da haren piezen oinarria eta soinu-paisaien eraikitzaile nagusia. Introspekzioz betetako lana da, eta sofistikazioa eta gordintasuna uztartzen ditu. Artistaren ahots atsegin eta hauskorrak gidatzen ditu piezak, pianoaren soinuarekin elkarrizketan. Formatu intimo eta akustiko horrek artistaren alderdi sortzaileena eta pertsonalena ezagutzeko aukera emango du gaurko kontzertuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak