Iñigo Agirre: "Eskualdearen bilakaera ulertzeko ezin dugu Union Cerrajera ahaztu"

Eki Letona Erretolatza

Iñigo Agirre Kerexeta. 

Iñigo Agirrek (Elorrio, 1942) UCEM: motor comarcal hitzaldia egingo du azaroaren 12an, Arrasate Zientzia Elkarteak antolatutako Iragana Astintzen zikloaren barruan. Union Cerrajerak Arrasaten eta Debagoienean izandako eragina azaldu dio GOIENAri.

Zer izango duzu hizpide datorren egueneko hitzaldian?

Union Cerrajerak Arrasaten, Debagoienean eta Elorrion izan zuen garrantzia azaldu nahi dut. Ez industriagintzan bakarrik izan zuen eragina, baita bizimoduan eta gizartearen bilakaeran izan zuena ere.

Union Cerrajerak zergatik izan zuen hainbesteko garrantzia?

Arrasateko bizimodua goitik behera aldatu zuen. Industriaren garapenean ez ezik, hezkuntzan ere eragin handia izan zuen. Izan ere, enpresaren etorkizuna bultzatzeko, Lanbide Heziketan oinarritutako hezkuntza-eredu berri bat sortu zen.

Zergatik izan zen eskualdeko motor ekonomikoa?

Union Cerrajerak eraldaketa sakona ekarri zuen Debagoieneko bizimodura. Arrasaten sortutako bizimodu-eredu berria inguruko herrietara zabaldu zen, eta udalerri haiek ere pixkanaka industrializatzen hasi ziren.

Zer-nolako eragina izan zuen Arrasateren hazkundean?

Eragin handia izan zuen herriaren bilakaera demografiko eta sozialean. 1950etik 1980ra bitartean, metalurgiaren garapenak eta industria-jarduerak hazkunde demografiko eta migrazio handia ekarri zuen.

Zer zen garai hartan Union Cerrajeran lan egitea?

Debagoienean nagusi ziren landa-bizimoduetatik harago joateko aukera zen. Familientzat diru-sarrera handiagoak eta egonkortasun ekonomikoa lortzea zekarren, eta bizi-maila nabarmen hobetzen lagundu zuen.

Kooperatibismoak protagonismo handia hartu du Arrasaten. Union Cerrajeraren ekarpena bigarren planoan geratu dela uste duzu?

Hori da, hain zuzen ere, nabarmendu nahi dugun kontuetako bat. Kooperatibismoaren sorrera eta garapena oso garrantzitsuak izan dira Arrasaterentzat, baina badirudi horren ondorioz Union Cerrajeraren historia bigarren planoan geratu dela. Kooperatibei garrantzia kendu gabe, fabrikak herriari eman dion guztia azpimarratu nahi dugu.

Zein harreman izan zuten Union Cerrajerak eta ondorengo kooperatiba-mugimenduak?

Harremana zuzena izan zen. 1943an, Jose Maria Arizmendiarrietak Lanbide Heziketako Eskola sortzea bultzatu zuen, Union Cerrajeraren laguntzarekin. Eskola hartan trebatu ziren gerora kooperatibismoaren lehen urratsak egingo zituzten gazteetako batzuk. Horietako bostek, 1956an, Union Cerrajera utzi eta ULGOR sortu zuten; gerora, Fagor.

Zer gertatu zen Union Cerrajerarekin kooperatibismoa hazten hasi zenean?

Enpresak langile kualifikatuak galtzeko prozesua bizi izan zuen. Teknikari eta langile askok nahiago izan zuten fabrika tradizionala utzi eta kooperatiba berrietan sartu, eredu parte-hartzaileago batek erakarrita. 1975etik aurrera, gainera, finantza-arazoak, grebak eta egitura-krisiak izan zituen, eta, pixkanaka, haren nagusitasuna galdu zuen. XXI. mendearen hasieran itxi zituen tailer historikoak.

Zer geratzen da gaur egun Union Cerrajeratik Arrasaten?

Arrasateko memoria kolektiboaren parte da. Belaunaldi askoren bizimodua baldintzatu zuen, eta haren eragina gaur egungo herriaren egituran eta bilakaeran ere ikus daiteke. Kooperatiba-sarearen hazkundeak, gainera, enpresaren gainbeherak eragindako kolpe soziala arintzen lagundu zuen.

Zer mezu helarazi nahi duzu?

Arrasatek funtsezko garrantzia izan duela Debagoienaren garapenean eta gaurko egoeran. Eskualdearen bilakaera ezin dugu Union Cerrajera gabe ulertu.

Gomestio "baserriko balioa" hizpide eguaztenean

AZEk Arrasateko Gomestio baserriaren gaiarekin abiatu zuen eguaztenean, azaroak 4, Iragana astintzen hitzaldi sorta. Hitzaldian Gomestio "baserriko balioaz" hitz egin zuten, sagardoa eta zerealak ekoizteko zentro industrial eta ekonomiko bat zen. Ibon Telleriak eta Josue Susperregik gidatu zuten saioa; eta Aretoa goraino bete zen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak