Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak 25 urteko ibilbidea egin ostean, Kantuz Elkarte Lirikoak izenarekin eman diote segida Arrasateko zarzuela-egileek. Azken ukituak ematen ari zaizkio azaroaren 27an estreinatuko duten El año pasado por agua (Federico Chueca, 1889) izeneko ikuskizunari. "Entseguak aurrera doaz, gutxi geratzen zaizkigu dagoeneko. Lan-giro polita dugu eta taldekideok oso emozionatuta eta gogotsu gaude urte osoan egindako lana Amaia antzokian plazaratzeko. Etapa berri bati ekin diogu. Lan egiteko modua ez da bereziki aldatu, lehen besteko langile jarraitzen dugu, eta, esango nuke, aurreko proiektutik jasotako ikasketa on guztiak proiektu berrira ekarrita", azaldu du taldeko kide Maria Izagak.
Hiru emanaldi egingo dituzte: azaroaren 27an, 20:00etan; eta azaroaren 28an eta 29an, 19:00etan. Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan daude sarrerak eskuragarri, 20 eurotan.
"Ezberdina eta barregarria”
1888ko Madrilen kokatuta dago istorioa. "Eurite handiak izan ziren Madrilen eta inguruetan urte hartan, eta urte berria hasi behar den momentuan hasten da kontakizuna. Urte berria pertsona bihurtuta agertuko da, eta Mariana madrildarrak egoera zein den eta hura hobetzeko urte berriak egin beharko duen lana zein den azalduko dio. Hortik abiatuta, askotariko tramak joango dira agertzen. Aurrez egindakoekin alderatuz, ezberdina da, ez da maitasun-istorio batean oinarritutako kontakizuna, eta pertsonaia asko daude; garai hartako Madrilgo pertsonaiez gain, zelanbait, fantastikoagoak ere bai. Istorio polita eta barregarria da".
Kantu ezagun asko
Hamaika kanturekin osatutako errepertorioan denetarikoak daude, bakarka, binaka zein abesbatza formatuan kantatutakoak. "Hasierako abestia ondo ezagutzen dugu denok, eta badaude beste kantu ezagun eta polit gehiago ere; horien artean, zortzikoa. Abesbatza oso presente dago ikuskizunean, baita bakarlariek kantatzen dutenean ere, eta horrek oso adi egotea eskatzen digu, abestiak, orokorrean, kantatzeko zailak ez badira ere. Dekoratuak ere ikusgarriak dira; Ricardo Vazquezek egin ditu aurten, eta deseatzen gaude Amaia antzokian muntatuta ikusteko eta erakusteko".
XIX. mendeko aldizkarian, kronika
Arrasateko Kantuz Lirikoa Elkartekoek, El año pasado por agua zarzuelaren entseguak hasi zituztenean, ezusteko opari polita jaso zuten Oñatiko Udal Artxibotik; izan ere, Oñatiko etxe bateko ganbara hustu zutenean, XIX.mendeko Cronica de la moda y de la música aldizkariko aleak aurkitu zituzten, eta Udal Artxibora eraman zituzten gordetzeko. Bada, ale baten aipatutako zarzuelari buruzko informazio interesgarria jasotzen zuela ikusita, besteak beste, zarzuelaren kronika eta partiturak, elkartekoekin jarri zen harremanetan Izar Salaberri artxibo-zaina: "Ezagunak ditut Arrasateko zarzuela-egileak, eta banekien obra hori prestatzen ari zirela; hortaz, dokumentuaren argazkiak bidali nizkien, garai bateko aldizkarian argitaratutakoa bitxikeria polita iruditu zitzaidalako". 