Egun osoko egitarauarekin dator Matraila Egunaren bigarren aldia

Ibai Irasuegi Garai

Iazko Matraila Egunean egindako entrenamendu saioa, gaztetxean. Argazkia: Txomin Madina Milikua.

Bihar, zapatua, izango da Matraila Eguna, eta kirol taldeak goizetik gauera bitarteko egitarau zabala antolatu du.

Zapatu honetan egingo dute Matraila Eguna, eta kirol taldeak egun osoko egitaraua antolatu du, herritarren gozamenerako. Ekimenaren lehen edizioko "arrakasta" ikusita, antolatzaileek argi zuten egunari jarraipena eman behar zitzaiola. Taldeak, baina, "indar handia" hartu du azken urtebetean, eta horrek ere eragina izan du, antolatzaileen arabera, Matraila Eguna bigarren aldiz antolatzeko. "Iaz taldea non zegoen ikusteko egun bat izan zela esan dezakegu. Baina aurten argi dugu talde sendo bat garela eta aurrera goazela", azaldu du Matraila Kirol Taldeko antolakuntza taldeko kide Aitor Etxezarretak. 

Hori horrela, kirol taldeak goizetik gauera bitarteko egitarau zabala antolatu du biharko, eta "guztia prest" dutela adierazi dute antolatzaileek. Aurten, jaia iazkoaren "bide beretik" joango dela adierazi du Etxezarretak: "Gure baloreei jarraituz, taldea bera indartsu dagoela aldarrikatzeko eguna izengo da zapatukoa. Horretarako, Gogor jarraitzen dugu lanean". Hain zuzen ere, entrenamendu saioak, hitzaldi bat, bazkaria, kirol ikuskizuna eta kontzertuak izango dira bigarren Matraila Eguneko osagaiak. Arratsaldean egingo dituzte eguneko ekintza nagusiak; hain zuzen, kirol borroka disziplina askotariko borrokaldiak eta kontzertuak gaztetxean. 

Arratsaldean egingo dituzte eguneko ekintza nagusiak; hain zuzen, kirol borroka disziplina askotariko borrokaldiak eta kontzertuak gaztetxean. 

Egun osoko egitaraua

Egitarauari dagokionez, eguna hasteko hiru entrenamendu mota egingo dituzte, goizeko hamarretan hasita, hiru gunetan: boxeoa, Biteri plazan; autodefentsa entrenamendua, Matrailan; eta muay thai entrenamendua, Uarkapen. Entrenamendu saioen ostean, Ramiro Gomez militante antifaxistarekin solasaldia egingo dute gaztetxean, 12:30ean, eta, jarraian, bazkaria izango da leku berean –bazkariko tiketak salgai daude Osorik tabernan–.

Arratsaldean egingo dituzte eguneko ekintza nagusiak, eta Kulturolan kirol ikuskizuna egingo dute; kirol borroka diziplina askotariko borrokaldiak izango dira. Eguna amaitzeko, Ostikoka eta Iltze taldeek kontzertuak emango dituzte gaztetxean, eta Tinz disko-jartzaileak emanaldia egingo du.

Aldarrikapenez betetako eguna

Etxezarretak nabarmendu du, gaurkotasunarekin lotuta, badaudela kirol taldetik azpimarra egin nahi duten bi aldarri: Batetik, azaroaren 11ko greba orokorra: "Argi dugu gure baloreen barruan dagoen ezinbesteko aldarrikapen bat dela; horrenbestez, gaiak merezi duen oihartzuna emango diogu bihar". Bestetik, "faxismoaren gorakada" salatuko dute: "Egoerari batera aurre egingo diogula ere argi utzi nahi dugu; talde gogor bat sortzen ari gara horretarako". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak