Mondrak puntu batera duen Añorgaren kontra jokatuko du domekan Mojategin

Ibai Irasuegi Garai

Mondrako jokalari Aritz Arizmendiarrieta baloiarekin. Argazkia: Mondra. 

Garaipenaren bidea hartu nahi dute Jorge Davilaren mutilek, etzi, etxean.

Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako bederatzigarren jardunaldiaren bueltan, Mondrak Añorga taldearen kontra jokatuko du domeka arratsaldean (17:30) Mojategin. Arrasateko taldea ligako hamahirugarren sailkatua da, zortzi punturekin, eta partidu bat irabazi, bi galdu, eta bost berdindu ditu 2026-2027ko denboraldian jokatu dituen zortzi partiduetan.

Orain arte taldeak izandako errendimenduari dagokionez, Mondrako entrenatzaileak adierazi du emaitzak kontuan izanda "nahi baino puntu gutxiago" eskuratu dituztela denboraldian. "Jokoari begira, batzuetan kostatu egin zaigu gure jokoa egitea, baina, orokorrean, ez gara gaizki ibili". Hala ere, adierazi du taldeari "kostatzen ari zaiola" zelaian egiten ari den lanari etekina ateratzea eta "azken minutuetan partiduak borobiltzea".

Añorga, aurkari zuzena

Jorge Davilaren mutilek aurkari zuzena den Añorga KE taldea izango dute aurkari domekan. Bederatzi punturekin, hamabigarren postuan sailkatuta dago, eta, bien hasiera onena izan ez bada ere, Davilak adierazi du "talde arriskutsua" dela: "Hirugarren Mailatik jaitsi berri dira, eta ematen du kostatzen ari zaiela liga hasiera. Hala ere, talde ona da eta jokalari onak dituzte". Mondrako entrenatzaileak gaineratu du hiru puntuak etxean geratzea ez dela lan erraza izango: "Zaila izango da domekako partidua. Gure mailarik onena eman beharko dugu hiru puntuak lortzeko".

"Talde ona da eta jokalari onak dituzte; zaila izango da partidua, eta gure mailarik onena eman beharko dugu hiru puntuak eskuratzeko"

Jorge Davila, Mondrako mutilen taldeko entrenatzailea

Azken minutuetan, tupust

Orain arte talde zuri-moreak jokatu dituen zortzi partiduetan, azken hamar minutuetan jasotako golek sailkapen taulan bost puntu gehiago izatea eragotzi diote: bigarren jardunaldian luzapenean berdindu zion partidua Elgoibarrek; seigarren jardunaldian, 82. minutuan 1-3 irabazten zihoazela, bi gol sartu zieten arrasatearrei, eta partidua 3-3 berdindu; eta zazpigarren jardunaldian, 88. minutuan sartu zieten 0-1ekoa. "Beste jokalari garrantzitsu batzuen lesioak direla eta, jokalari gazteekin ari gara jokatzen. Minutu horietan agian egin dugu behera, jakinda, betiere, aurkariek ere estutu egiten dutela", dio Davilak.

Bost berdinketa

Ligako hamahirugarren sailkatua da Arrasateko taldea, baina talde guztien artean berdinketa gehien –bost– eskuratu dituzte zuri-moreek. Horrek bi gauza adierazten dituela dio entrenatzaileak: batetik, "talde sendoa" dela; baina, bestetik, liga hasiera honetan "irabaztea kosta egiten" ari zaiola taldeari: "Kostatzen ari zaigu partiduak irabaztea. Areetan, agian, finago egon beharko genuke; izan ere, talde sendoa gara, eta egiten dugun joko onari etekin handiagoa atera beharko genioke".

Partiduak borobiltzea kosta egiten ari zaien arren, taldea jokoan egiten ari den zenbait aspektu positibo nabarmendu ditu Davilak: "Saiatzen gara bai baloiarekin eta bai baloi gabe aurkariari gauzak zailak jartzen. Esfortzu kolektibo handiarekin eta aurkariari min egiteko asmo kolektiboekin. Gure jokoa minutu askotan egiteko gai izan gara, baina partiduak borobiltzea falta zaigu".

Erabakigarria aurrera begira

Domekako partidua erabakigarria izango da Arrasateko taldearentzat. Davilaren arabera, oso garrantzitsua izango da jarraian jokatuko dituen bost jardunaldietara "ondo heltzea"; izan ere, Mondrak ligako lehen sailkatuak izango ditu aurkari: hain zuzen, Beti Gazte –6. sailkatua–, Zarautz –liderra–, Oiartzun –laugarrena–, Tolosa –hirugarrena– eta Anaitasuna –bigarrena–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak