Eguneko 24 orduak "oso motz" geratzen zaizkion horietakoa da Iker Elorza Heriz. Mondragon Assembly-ko lan-jarduna, familia-konpromisoak eta zaletasunak aintzat hartuta, agenda betea du oso. Errugbia izan du betiko zaletasun baina azken urteotan "izugarri" ari da gozatzen, besteak beste, eskaladaz.
ART-en amaitu nahi du, "ahalik eta ondoen"
Itzulera honek, besteak beste, arantza bat kentzeko balioko duela dio: "Arrasatearra izanda, ART-n hasi nintzen 13 urterekin, eta nire ibilbidea ART-n amaituko dut. Arantza bat banuen, klubarekin zorretan nengoela sentitzen nuen ia ibilbide osoa kanpoan egin dudalako eta 29 urterekin itzuli nintzenean apenas jokatu nuelako. Uste dut badela garaia arantza hori kentzeko; Arrasaten hasi nintzen eta Arrasaten bukatu nahi dut ibilbidea, ahalik eta ondoen".
Garagartzatik Errege Kopa irabaztera
13 urte eskasekin hasi eta sei urtez aritu zen etxeko taldean, Garagartzako zelaian: "19 urte bete arte herriko klubean aritu nintzen eta ondoren bederatzi urte egin nituen Ordizian, tartean Zeelanda Berrian urtebete eginda. 28 urte nituela gainezka egin eta errugbia uztea erabaki nuen, denbora gehiegi kentzen zidan-eta". 2012an Ordiziarekin Errege Kopa irabazi eta gutxira Ordiziako taldea utzi ostean, 2013-2014an itzuli zen Arrasate Rugby Taldera (ART). Denboraldi bakarra egin zuen, oso gutxi jokatuta: "Sorbaldako mina, fisura bat saihetsetan... 30 urte bete ostean nahikoa zela pentsatu nuen, baina orain itzultzea erabaki dut".
Itzulerarena, "landutako erabakia"
12 urte pasatu dira errugbia utzi zuenetik, eta orain bueltan da. Dioenez, "landutako erabakia" izan da itzulerarena: "Ez da beroaldi baten ondorio izan. Jokatu ez arren, beti jarraitu dut errugbia eta azken urteotan gero eta gehiagotan joan izan naiz ART ikustera. Egia esan, Mojategin askotan sartu izan zait jokatzeko gogoa, baina beti zalantzekin eta bizkarreko min bat oztopo nuela. Hala ere, azken urteotan bizkarreko mina asko arindu zait pilatesari esker; pilatesak asko lagundu dit. Gainera, beteranoen taldean ere aritzen nintzen jokatzen eta horrek harra are gehiago piztu zidan; kuadrillako Jabo [Xabier Garadoki Garai] ere taldean dago... Faktore asko izan ditut alde eta aurten fitxa egitera animatu naiz, denboraldi baterako proba modura".
"Itzulerarena landutako erabakia izan da, eta ez beroaldi baten ondorio"
Kapitaina kuadrillakoa izateak ere lagundu du
Kapitaina kuadrillakoa izateak asko lagundu du fitxa egitera, eta hitz onak besterik ez ditu harentzat: "Arrazoietako bat izan da nire itzulerarako, zalantza barik. Jabo-k 26 urte daramatza lehiatzen ART-rekin; mirestekoa da, ez dut uste Arrasaten egon denik errugbi jokalaririk horrenbeste urte lehiatzen egin dituenik. Nik, behintzat, ez dut ezagutu. Sekulako ilusioa egiten dit Jabo-rekin jokatzeak; 17 urterekin Garagartzako zelai hartan jokatu genuen batera azkenengoz eta ia 26 urteren ostean batera gaude berriro... Ederra da. Hori bai, biok dugun adinarekin argi dago gehiegi ez zaigula geratzen...".
"Jabo-k 26 urte daramatza lehiatzen. Ez dut uste Arrasaten egon denik errugbi jokalaririk horrenbeste urte egin dituenik. Nik ez dut ezagutu"
Kluba, askoz hobeto
ART-k "natural" hartu du Elorza: "Sekulako taldea dago, eta hasieratik sentitu naiz bat gehiago. Utzi nuenean jokalari zirenetako batzuk oraindik jarraitzen dute, gainera". Era berean, jokalari kopuruarekin harrituta dago: "Gizonezkoon lehen taldean uste dut 35 bat fitxa gaudela. Nik 30 lagundik gorako entrenamenduak ez ditut ezagutu Arrasaten; halako jokalari kopuruarekin gauza asko planteatu ditzake Julen Barrutia entrenatzaileak. Entrenamenduak zoragarriak dira, egia esan; Ordizian jokatzen nueneko garaiak datozkit gogora. Izan ere, primerako entrenatzailea dugu, eta oso ondo ari gara lanean. Hori motibazio ederra da denontzat".
"Hiru herri batu dira emakumezkoen taldea osatzeko; ea Arrasaten bertan sortzea lortzen dugun. Jarrai dezatela halaxe lanean, emaitza oso onak lortzen ari dira-eta"
Gainera, kluba bera egitura aldetik "oso ondo" dagoela dio jokalari beteranoak: "Igartzen da talde bat egon dela sekulako lana egin duena. Emakumezkoen taldea sortu izana da sintoma on bat, adibidez; hiru herri batu dira emakumezkoen taldea osatzeko, baina ea Arrasaten bertan sortzea lortzen dugun. Jarrai dezatela halaxe lanean, emaitza oso onak lortzen ari dira-eta".
Errugbia, lehen baino askoz azkarragoa
"Orain beste modu batera enfokatzen dut errugbia, ez ditut-eta 20 urte: beroketa ariketak, adibidez, askoz gehiago zaintzen ditut"
Taldeari ekarpena egiteko moduan dagoela uste du Elorzak, bestela ez litzateke-eta bueltatuko: "Nire burua ikusten dut taldeari ekarpena egiteko moduan, bestela ez nintzateke itzuliko. Hala ere, entrenamendu batean zuntz-haustura batek bizpahiru aste geldi egotera behartu eta hirugarren jardunaldian debutatu nuen. Orain beste modu batera enfokatzen dut errugbia, ez ditut-eta 20 urte: beroketa ariketak, adibidez, askoz gehiago zaintzen ditut; entrenamenduen eta partiduen aurretik saiatzen naiz etxean, gutxienez, luzaketa batzuk egiten. Jokoan ere ez naiz lehen beste sartzen; esperientziak erakusten du noiz dagoen aukera on bat eta noiz ez... Nahiz eta oraindik ere ez dugun beti asmatzen [barreak]".
Arrasaten errugbi-maila nabarmen hobetu dela uste du, gainera: "Egungoa ez da duela 12 urteko errugbia. Askoz azkarragoa da, jokalariak askoz hobeto prestatuago daude, dena lantzen da gehiago eta hobeto, errugbi zale-sutsu gehiago dago... Horrek guztiak asko laguntzen du, asko igartzen da zelaian". Hegalean jokatzetik sei modura jokatzera pasatu da Elorza: "Behar handiena dagoen postuan jokatu dut orain arte. Gustura nabil, baina kontaktu handiko postua da. Politagoa bezain gogorragoa da errugbia postu honetan".
Play-offetan egon behar den taldea
"Kalitate handia dago taldean, baina oraindik badago kalitate hori hobeto bideratzeko margena"
Denboraldia ondo hasi arren, konfiantza gehiegi izatea arrisku bat izan daitekeela aipatu du jokalari beteranoak: "Ez dezagun ahaztu aurkariek ere jokatu egiten dutela; Bilbon, adibidez, erraz irabaziko genuela uste genuen baina azkenera arte sufritu behar izan genuen garaipena lortzeko. Kalitate handia dago taldean, baina oraindik badago kalitate hori hobeto bideratzeko margena". Denboraldiko helburuen inguruan galdetuta, uste du igoerako play-off-etarako sailkatu beharko litzatekeela, baina nahiago du partiduz partidu joan.