LAB sindikatuko delegatu batzarrak argazkia atera du, greba orokorrerako deialdia eginez. Etxebizitza langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusia bilakatu dela salatu du sindikatuak, baita "aberastasunaren banaketa bidegabea areagotzeko modua eta arrakala sozialetan sakontzekoa "ere. "Izan ere, soldatekin eta prekaritatearekin gertatzen den moduan, etxebizitza krisiak ez die langile guztiei berdin eragiten", nabarmendu du.
Hala, honako helburu hauek ezarri dizkio sindikatuak grebari: Euskal Herriko marko propioa indartzea; soldata eta etxebizitzaren eremuan, bertako patronal eta instituzioak egiturazko neurriak har ditzaten behartzea; eta LABek etxebizitzaren gaiarekin irekiak dituen gatazkei aterabidea emateko.
Helburu horiei lotuta, lau ideia orokor ere azpimarratu ditu LABek: "Greba gure herrian egiten ari garen ibilbidearen baitan kokatzen da; euskal esparruaren aitortza eta defentsa oinarrizko printzipioa da; bertako patronalak interpelatuko ditu greba orokorrak; eta EAEko eta Nafarroako gobernuak interpelatuko ditu greba orokorrak".
Eskatu dituzten neurrietako batzuk, halaber, honako hauek dira: "Alokairu mugagabeak ezarri eta etxebizitza prezioak jaisteko esku hartzea; etxegabetze guztiak gelditzeko konpromisoa; putre-funtsen esku dauden etxebizitzak berreskuratzeko neurriak, eta funtsok gure lurraldetik kanporatzekoak; errentismoa elikatzen duten politika publikoak amaitzea, banketxeen esku amaitzen duten diru laguntzarik ez ematea eta politika fiskal progresiboa ezartzea; eta etxebizitza parke publikoa handitzea eta parke publiko indartsua eratzea".