'Jazz manouche'-az gozatzeko aukera, eguenean, Kajoi tabernan

Eneko Azurmendi Barrena

Kajoi tabernako arduradun Jesus Romero 'Txutxi' eta Antonio Murillo. Argazkia: Ibai-Arte.

Kontzertuak lau musikari elkartuko ditu azaroaren 5ean, 19:00etan, eta lokalaren 39 urteko ibilbidea agurtzeko prestatutako jardueren parte izango da.

Jazz klasiko, swing eta manouche kontzertu bat hartuko du Kajoi tabernak eguenean, azaroak 5, 19:00etan. Hala, Iñigo Zubizarreta gitarra-jotzaile eta gitarra-irakasle arrasatearrak oholtza partekatuko du Daniel Apodakarekin (biolina), Ibon Perezekin (gitarra) eta Enrique Lafuenterekin (kontrabaxua), "musika horren aberastasuna eta energia deskubritzera" gonbidatzen duen proposamen instrumental batean, antolatzaileek adierazi dutenez.

Zubizarretak haurtzaroan hasi zituen musika-ikasketak Arrasaten, eta Zaragozan (Espainia) eta Bostonen (AEB) jarraitu zuen bere prestakuntza. Soziedad Alkoholika, Governors eta Tako taldeetan aritu izan da, baita Erromintxelak taldean ere. Egueneko emanaldiari dagokionez, Django Reinhardt gitarristari eta 30eko hamarkadako Parisi lotutako jazz manouche-a izango da emanaldiaren interes puntu handienetako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak