Putas Amak, azaroko Kooltur Ostegunak zikloa abiatzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Putas Amak hirukoteak zabalduko du Kooltur Ostegunak musika zikloko azaroko egitaraua. Argazkia: P.A.

Putas Amak, Hazas, Gari eta Safety Pins taldeak izango dira, hurrenez hurren, azaroko Kooltur Ostegunak kontzertuetako protagonistak.

Donostiako Egia auzoko hiru amak osatzen duten Putas Amak izango da Arrasateko gaztetxean datorren eguenean. "2021ean sortu zuten musika taldea, 2023an taldearen izen berbera duen podcasta egiten hasi ziren eta 2025eko apirilean zazpi kanta jasotzen dituen eZ gOaZ iNoRa EPa argitaratu zuten. Musika elektroniko esperimentala eta pertsonala egiten dute, generoaren barruko hainbat estilo eta sonoritate jorratuz. Soinuak esploratzen dituzte, punketik teknora bitarteko elementuekin dantza erritmoarekin uztartuz. Hitzek amatasunari, krisiei, harreman afektiboei eta egunerokotasunari buruz ikuspegi feministatik hausnartzen dute, hizkera hurbilarekin eta ironikoarekin", diote antolatzaileek. 

Datozen asteetan

Lasarte-Orian jaiotako Hazas musikariak hartuko du lekukoa azaroaren 12an, askotariko musika estiloak –pop hiritarra, mambo, elektrolatindarra...– batzen dituen kantu sortarekin.

Eskarmentu handia duen Gari musikaria izango da azaroaren 19an. "Hark zabaldu zuen orain dela urte batzuk Kooltur Ostegunak musika zikloa; hirugarrenez izango da gurean; oraingoan, bakarlari. Eta azaroko eskaintza 90eko hamarkadako punk-rock garratza egiten duen Safety Pins taldeak borobilduko du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak