Entrenatzaileak argi du hasierako emaitzek ez dutela oraindik taldearen benetako maila neurtzeko balio. "Denboraldia ondo hasi dugu; kirol arloan, behintzat. Bi partiduak irabazi ditugu, eta alde handiarekin, baina aurkariak ez dira oso gogorrak izan", azaldu du Zabalak. Aurreko denboraldian ligako txapeldunak izan ziren. Aurten, jokoan beste urrats bat egitea dute helburu, eta berriz ere denboraldi amaieran txapelketa irabazteko lehian egotea.
Horretarako, iazko bloke nagusia mantendu egin dute, hiru jokalari berri gehituta. Entrenatzailearen esanetan, "iaz jokalarien talentuari eta gogoari esker" lortu zituzten emaitza onak. "Aurten talde bezala hobeto jokatu nahi dugu, mekanismoak eta joko-maila hobetuz. Aurreko urteetako lanarekin jarraitzen dugu, baina beste pauso batzuk ematen ari gara".
Lesiok zeresana eman dute hasieran honetan. Gaur egun, zazpi jokalari daude lesionatuta; haietako hiru, Arrasatekoak. Zabalak azaldu duenez, "zorte txarra" izan dute denboraldiaren hasieran, baina jokalari guztiak pixkanaka errekuperatzea espero dute, urtarrilerako taldea osorik egon dadin.
Hirugarren garaipenaren bila
Hernaniren aurkako partiduaren harira, baikor da entrenatzailea, nahiz eta konfiantza handirik ez hartzeko ohartarazi duen. "Hasiera batean, irabazteko partidua da, baina partiduak jokatu egin behar dira. Gure sistema berriek nola funtzionatzen duten ikusi behar dugu". Helburua argia da: garaipenaren bila zelairatzea, aurkaria gutxietsi gabe.
Gizonezkoak, Durangon
Kanpazar Arrasatek Durango Hirumet liderraren aurka jokatuko du bihar, 16:00etan, Durangon. Arrasatearrak sailkapeneko bigarren postuan daude, eta liga hasiera bikaina egin dute: jokatutako hiru partidak irabazi dituzte. Biharko norgehiagokan, bi taldeak sailkapeneko lehen postuei eusteko lehiatuko dira.