Herritarren Parte Hartze Ordenantza berria lantzeko bi bilera, azaroaren 4an eta 16an

Jokin Bereziartua Lizarazu

Arrasateko Udalak herritarren parte-hartzea arautuko duen ordenantza berria lantzeko prozesua abiatu du, "Udaleko bizitzan eta kudeaketan herritarren parte-hartzea sustatzeko eta egonkortzeko" helburuarekin. Azaroaren 4an eta 16an bilera irekiak egingo dira Kulturateko Loramendi gelan (18:00), herritarrek eta herriko eragileek euren ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.

Ohar bidez azaldu dutenez, Udalak dagoeneko baditu herritarren parte-hartzea sustatzeko irizpide batzuk, baina ordenantza berri baten bidez, herritarrek Udalaren erabakietan eta kudeaketan parte hartzeko dituzten bideak argiago zehaztu nahi ditu. Horrela, parte-hartzea modu egonkorrean sustatu eta jarraipena emateko aukera izango du.

Ordenantza lantzeko prozesuak sei hilabete iraungo du, eta herritarren ekarpenak jasotzea izango du oinarri. Lanketa, aurretik prestatutako ordenantza-proposamen batetik abiatuko da, Toki Erakundeen Legea eta Arrasateko egungo egoera eta beharrak kontuan hartuta. 

Udalak herritarrak eta herriko eragileak gonbidatzen ditu prozesuan parte hartzera, haien iritziak eta proposamenak funtsezkoak baitira Arrasateren beharretara egokitutako parte-hartze eredua eraikitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak