Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak urteak daramatza hezkuntza kooperatiboa sustatzen.
Zergatik da garrantzitsua hezkuntza kooperatiboa sustatzea?
Ezinbestekoa da kooperatibak proiektu ekonomiko eta sozial gisa garatzeko oinarri kultural bat ere lantzea, eta, gaur egun, are gehiago: kooperatibismoaren oinarriak ezagutzea, egungo erronken inguruan begirada kooperatibotik hausnartzea, bizipen kooperatiboak sortzea, belaunaldi berriekin elkarrizketa espazioak sortzea… Nortasun kooperatiboa etengabe elikatu eta berritu behar dela uste dugu, eta norabide horretan kokatzen dugu hezkuntza kooperatiboaren ekarpena.
Arlo horretan zein da egungo errealitatea?
Azken urteotan kooperatibetan aurrerapausoak eman dira eta hainbat formazio egonkortu egin dira; bazkide berrientzat direnak eta organoetako kideentzat direnak, esaterako. Hala ere, LANKIn beste urrats bat egiteko unea dela uste dugu; etengabeko formazio kooperatiborako estrategia batera saltoa emateko garaia da.
Zehazki, zertan datza urrats hori?
Oinarrizko ideia honako hau da: pertsona batek, kooperatiban lanean hasten den unetik irteten den arte, formazio eta esperientzia kooperatiboak izatea. Horretarako, ibilbide kooperatibo bat irudikatu dugu, Otalorarekin lankidetzan: harrera-plan berriak, organoentzako formazio espezifikoak, lidergo ardurak dituztenentzat, eta bazkide guztiekin egiteko formazio eta hausnarketa prozesuak, besteak beste. Helburua da etapa eta profil guztietan garatzea.
Horretarako, zein formazio eskaintza garatu dituzue?
Hasierako etapa oso garrantzitsua da, eta hainbat formazio berri sortu ditugu: Kooperatibara hurbiltzen ikastaroa, Kooperatiban murgiltzen ikastaroa, bazkide berrientzako saioak... Bazkide izateak zer esan nahi duen lantzeko formazioak dira, elkarren artean osagarriak, eta kooperatiba bakoitzak bere errealitatera moldatu ditzake.
Bazkide gisa urteak daramatzatenekin ere ez al dira indartu behar oinarri kooperatiboak?
Bai, horrela da. Kolektibo osoarentzako formazio edo hausnarketa prozesuak ere diseinatzen ditugu, kooperatiba bakoitzari neurrira egokituta. Gaur egun hainbat kooperatibatan ari gara horrelako prozesuak egiten: Laboral Kutxa –Zentzua prozesua–, Copreci, Ikerlan, Cikautxo...
Arduradunekin formazioa lantzen duzue?
Bai; arduradunek eragin handia dute eta ibilbide honetako profil inportantea da. Hiru formazio eskaintza aipatuko ditugu: hasteko eta behin, organoetan dauden kideentzat dauden formazio espezifikoak; bigarrenik, Ikasberri ikastaro berria, harrobi kooperatiboa sustatzeko sortu den formazioa; eta, hirugarrenik, Aditu ikastaroa. Kooperatibak garatzen erreferente izan daitezkeen pertsonentzat da: organoetako kideentzat, bazkide motibatuentzat eta pertsona departamentuko kideentzat, besteak beste.
Formazio aukera eta eskaintza asko zabaldu eta dibertsifikatu duzue.
Bai, baina gakoa ez da formazio eskaintza handitzea soilik; garrantzitsuena da eskaintza horiek guztiak modu koherentean artikulatzea. Ibilbide kooperatibo integral bat marraztea. Esan bezala, egin nahi dugun urratsa da kooperatibek etengabeko hezkuntza kooperatibo estrategia batera salto egitea. Horregatik, eskaintza guztiekin ibilbide bat marraztu dugu; hor dago balio handiena.
Amaitzeko, hezkuntza kooperatiboak praktikan eragiteko duen ahalmena ez al da oso mugatua?
Bai; kooperatibako errealitatea markatzen duten hainbat aspektu daude: eguneroko lanak, lidergo estiloak, gobernantzako prozesuak, eta parte hartze eta komunikazio espazioak, besteak beste. Baina horiek guztiak begirada kooperatibotik garatzeko inportantea da hezkuntza kooperatibo estrategia bat ere izatea; ezinbestekoa da. Kooperatiba guztiek izan beharko lukete formazio kooperatibo estrategia bat eta beren kudeaketan integratu.
Zuen esperientziatik, zeintzuk dira hezkuntza kooperatiboa praktikan eraginkorra izateko gakoak?
Batetik, edukiek konexioan egon behar dute kooperatibek duten erronka nagusiekin. Errealitatearekin konexioan sustatzen dugu identitate kooperatiboa. Bestetik, formatuak ere garrantzia du. Partaideek adierazten digute gure formazio saioak baliagarriak iruditzen zaizkiela: parte hartzaileak, elkarrekin hausnartzeko egokiak, kooperatibei buruz ezagutzen ez zituzten aspektuak deskubritzen dituztela… Formazio kooperatiboa modu erakargarrian egin daitekeela konprobatu dugu, gazte edo belaunaldi berriekin ere bai.