Arrasateko Udalak, ohar bidez jakitera eman duenez, lokala etxebizitza bihurtzea arautzen duen udal ordenantza berraztertu eta aldatzeko aurretiko kontsulta publikoa abiatu du: "Egun, Arrasaten indarrean dago Lokalak Etxebizitza bihurtzea arautzen duen udal ordenantza; baina aldaketa batzuk behar ditu harik eta berme gehiagorekin betetzeko etxebizitza arloko legediaren eta eremu tentsionatu izendatzearen xedea, hots, etxebizitza merkatuko eskaintza ahalik eta zabalena izatea. Horiek horrela, ordenantza berraztertu eta berridaztearen prozesuari ekingo diogu".
Prozesuan parte hartzeko bi modu
Proposamenak azaroaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira partaidetza.arrasate.eus webgunearen bidez edo BAZen.
Kontsulta amaitutakoan, jasotako ekarpenak aztertu eta ordenantzaren testu berria landuko da. Ondoren, Udalbatzak hasierako onespena eman beharko dio, eta testua jendaurrean jarriko da hurrengo 30 egun balioduneko epean, herritarrek, erakundeek eta elkarteek alegazioak aurkeztu ditzaten. Beraz, azaldu dutenez, prozesuan parte hartzeko bi aukera izango dira: egungo kontsulta publikoa eta, aurrerago, ordenantzaren testu berria jendaurrean jartzen denean.