Kooperatibak: gehigarri berezia

Itziar Azurmendi Ochoa de Alda: "Oinarri ditugu eredu kooperatiboa eta elkarlanerako bokazioa"

Babestutako edukia

LABORAL Kutxak 154,5 milioiko irabaziak izan ditu 2026ko lehen seihilekoan, eta, aurreikuspenaren arabera, 2025eko muga historikoa gaindituko du.

Zein da LABORAL Kutxaren egungo egoera? Osasuntsu dagoela esango zenuke?

LABORAL Kutxa oso osasuntsu dagoela esango nuke, zalantzarik gabe. Udan iragarri genuen bezala, LABORAL Kutxak hazten jarraitzen du familiendako eta enpresendako dauzkan jarduera lerro nagusienetan: hipoteketan, inbertsioetan, enpresei bideratutako maileguetan, aseguruetan… Pertsonen atalean ere hazkunde garrantzitsua izan dugu: 2025eko ekainetik 2026ra 227 pertsona berri hasi dira LABORAL Kutxan lanean, hainbat arlotan. Eta hori ere oso garrantzitsua da guretzat.

Aurtengo lehenengo seihilekoan 154,5 milioi euroko irabaziak izan ditu erakundeak; hau da, %6,2ko hazkundea aurreko urteko epealdi berarekin alderatuta. Datu ona da hori.

Bai, oso datu ona da. Emaitza honek gure kaudimena indartzen laguntzen digu, eta sektoreko lehenengo posizioetan mantentzen gaitu atal horretan. Horri likideziaren egoera ona eta berankortasun-tasa baxua gehitzen badizkiogu, gure benetako egoera azaleratzen da. Aukera ezin hobea daukagu etorkizunerako oinarriak finkatzeko: gaitasun teknologikoetan hobetzeko eta merkatu berrietara irekitzeko, besteak beste. Horretarako gaitasuna ematen digu.

"Urtetik urtera gura
muga gainditzen ari
gara; eta aurten ere
hala izatea
aurreikusten dugu"

2025ean, LABORAL Kutxak bere muga historikoa gainditu zuen: hain zuzen ere, 305 milioiko irabazi bateratua eta 50.000 milioitik gorako negozio-bolumena.

Bai; dudarik gabe, oso pozgarria da 2025eko urtea emaitza horrekin bukatzea. Esan behar da azkenaldian gure muga gainditzen ari garela; urtetik urtera datuak hobetzen goaz, eta aurten ere 2025eko emaitzak gaindituko ditugula aurreikusten dugu. Hala ere, horrek indarra hartzeko balio behar digu. Hazten jarraitu ahal izateko, duda barik, lanean jarraitu behar dugu, despistatu barik. LABORAL Kutxak ongi egiten dakiena da zuhurtziaz jokatzea. Beraz, halako urte onak aprobetxatu behar ditugu, ekonomia onak ematen duen bermearekin eta lasaitasunarekin, egoera zailtzen den unerako oinarriak finkatzeko eta sendotzeko.

Ekonomiak, hemen, azkeneko urteotan, oro har, garai onak bizi ditu. Hurrengo urteetarako aurreikuspena LABORAL Kutxarentzat ere halakoa da?

Bai; gure ingurukoak ongi daudenean, gure negozioak ere bide horri eusten dio, noski. Aurreikuspen ekonomikoek hazkundera garamatzate aurten ere, baina adituek diote joera hori ahultzen ari dela. LABORAL Kutxan adi egongo gara, eta arduraz jokatu beharko dugu, testuinguru geopolitiko eta ekonomiko nahasia dugu-eta aurrean.

Zenbaterainokoa da zuen konpromiso soziala bailaran? Adibidez, Gaztenpresa Fundazioarekin?

Kooperatiba garen heinean eta bailaran oso errotuta gauden heinean, gure konpromiso soziala hainbat bidetatik erakusten dugu. Guretzako Gaztenpresa Fundazioa oso proiektu berezia da, eta gu garenarekin oso lerrokatuta dago. Gure DNAn dago lanpostuen sorrera bultzatzea eta enpresengandik eta autonomoengandik gertu egotea. Gaztenpresa, ekintzailetza bultzatzeaz gain, enpresa berrien eta autonomoen bidelagun bilakatzen da, eta horrek negozio berrien arrakasta bermatzen laguntzen du. Hezkuntza finantzarioa ere lantzen da; kasu horretan, gazteentzat eta nagusientzat. Mondragonek sustatutako Firts Lego League ekimenaren parte gara, eta Mondragon City Challengeren kooperatiba mentore ere bai. Bestalde, Jokin Zaitegi Literatura Sarian, Arrasate-Udalatx mendi lasterketan eta Mundukide lasterketa solidarioan ere parte hartzen dugu, besteak beste. Gobernuz kanpoko hainbat erakunde diruz laguntzen ditugu.

"Gure konpromiso
soziala oso irmoa
da; askotariko
ekimenak diruz
laguntzen ditugu"

Digitalizazioaren harira, nola lortu duzue kanal digitalen eta bailarako herri batzuetan dituzuen aurrez aurreko arretaren arteko oreka mantentzea?

LABORAL Kutxaren arrakastaren parte handi bat izan da bezeroaren arreta nola landu dugun. Bezeroen arreta LABORAL Kutxak daukan diferentzial nagusietako bat dela uste dut. Bezeroa erdigunean ipini dugu beti, eta oso hurbilak izan gara. Bezeroak oso garrantzitsuak dira guretzat. Horregatik, etorkizunerako planteatzen dugun eredua modelo hibrido bat da, non bezeroek hainbat bidetatik jasoko duten arreta. Alegia, bezeroak berak erabakiko du arreta nola jaso nahi duen: digitalizazioaren azkartasuna eta erosotasuna edo aurrez aurrekoak ematen duen konfiantza. Biak konbinatu behar ditugu.

Egin, mesedez, LABORAL Kutxaren Debagoieneko erradiografia bat: bulegoak, langileak, zerbitzuak…

Debagoienean bederatzi bulego dauzkagu, eta bulegoetan lanean, 69 lankide. Mota guztietako zerbitzua ematen dugu gestore espezializatuen bitartez. Badira enpresa txikien eta autonomoen gestoreak, aseguruetako gestoreak, patrimonioko gestoreak eta abar. Arrasaten ere badaukagu enpresa handien eta kooperatiben bulegoa, beste hamahiru lankiderekin. Horretaz gain, LABORAL Kutxa sortu zenetik, duela 67 urte, egoitza Arrasaten dago kokatuta [egun, Olandixon], eta garrantzi handia ematen diogu etorkizunean ere bertan jarraitzeari. Horrek profil eta jatorri askotariko profesionalak ekartzen ditu bailarara. Profil teknologikoak, datuetan ezagutza daukatenak, matematikariak... Azken finean, talde zabalak sortzen dira, eta eredu kooperatiboan lan egiteko hautua egin dutenak.

Debagoiena kooperatiboki errotuta dagoenez, nola egokitzen ari dira LABORAL Kutxaren zerbitzuak Mondragon Korporazioaren lankidetza-planak edo proiektu berriak babesteko?

LABORAL Kutxak eta gainontzeko korporazioko kooperatibek egindako ekarpenak egitasmo berrietara bideratzen ditu Mondragonek. Apustu berezia egiten ari da etorkizuneko negozioetan, teknologia digitaletan, ingeniaritzan… eta gu horretaz guztiaz ere baliatzen gara noski.

Bailarako ekosistemarekin elkarlanean diharduzue. Ezinbesteko da guztiok bide berbera jarraitzea? Lan-ildo antzekoak izatea?

Guztiok dugu oinarrian eredu kooperatiboa eta elkarlanerako bokazioa eta konpromisoa. Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan inguruan egonda, berrikuntzarako, garapen teknologikorako, formaziorako eta talentua erakartzeko aukerak eskura izatea dakar. Hori da indarra.

"Gure ondarea
hobetuta utzi behar
diegu atzetik
datozen
kooperatibistei"

Zeintzuk dira epe ertain-laburrera esku artean dituzuen erronka nagusiak?

Orokorrak diren erronka horiek ere badira guretzat erronka nagusi: digitalizazioa, erronka demografikoa, talentua erakartzea… Gure erronka da pertsonak erdigunean ipintzea eta haien ongizatea bermatzea. Horrek gure helburua edo zentzua oso aintzat hartzea eskatzen du. Eta, noski, balio kooperatiboetan eta elkarlanean oinarritutako proiektuak izan behar dute.

Zeintzuk dira LABORAL Kutxaren baliorik aipagarrienak?

Balio kooperatiboak, noski: elkartasuna eta lankidetza, ardura, konpromisoa, hurbiltasuna eta justizia soziala.

Kooperatibismoa errotuta dago Debagoienean, oinarri sendoak ditu, baina nola ikusten duzue kooperatibismoaren beraren etorkizuna?

Eredu hori sustatzeko beharra ikusten dut, baita nazioartean ere. Oso polarizatuta dagoen mundu honetan, gizarte berdinzaleagoak eta jasangarriagoak lortzeko bidea eta modua kooperazioaren bidez ikusten dut. Enpresa mailara ekarrita, ongi demostratzen ari gara eredu honen gaitasuna. Bai maila konpetitiboan, baita gizartean daukan eraginaren ikuspegitik ere.

Badituzue aldatzekoak eta hobetzekoak?

Beti dago zer hobetu eta zer aldatu. Guretzat gakoa ondarean dago. Kooperatibistok arbasoengandik jaso dugu, eta ondare hori etorkizuneko kooperatibistentzat hobea izatea da gure erronka. Horrek guregan du eragin positiboa, baina etorkizuneko gizartearen eraikuntzan ere ipiniko du bere alea.

Etorkizuneko kooperatibista izan daitezkeenek badute kooperatibismoarekiko kontzientzia?

Debagoienean jende oso gaztea daukagu lanean. Ikuspegi eta funtzionatzeko modu ezberdinak dituzte, baina elkarlanean oso ondo moldatzen dira. Badaukate ikuspegi hori. Adin bat dugunok beti begiratzen diegu gazteei, eta pentsatzen dugu ezberdinak direla; baina konturatzen gara balioak eta ikuspegia badituztela.

"Arizmendiarrietak
duela 67 urte
aldarrikatzen zituen
balioak indarrean
daude oraindik"

50 urte bete dira Jose Mari Arizmendiarrieta hil zela. Zein hausnarketa egiten duzue urteotako ibilbideaz?

Arizmendiarrietak duela 67 urte aldarrikatzen zituen balioek indarrean jarraitzen dute: pertsona erdigunean jartzea, hezkuntza sozializatzea, askatasuna, ardura eta elkarlana.

Hark hasitako bideak zentzua dauka gaur egun ere? Eredu kooperatiboa arrakastatsu dela argi geratu da, baita finantzen alorrean ere. LABORAL Kutxada horren adibide?

Gaur egun, inoiz baino gehiago gizarte berdinzaleago eta jasangarriago baten alde lan egitea ezinbestekoa da, eta, bide horretan, eredu kooperatiboak asko lagundu dezake. Arlo finantzarioan ere bai; eta LABORAL Kutxak erakutsi du bidea.

Jose Mari Arizmendiarrietak markatutako bidetik ikusten duzue LABORAL Kutxa ere?

Arizmendiarrietak gaur egungo Arrasatera etortzeko aukera izango balu, oso pozik egongo litzateke: askotariko lan-ereduak dauden merkatuetan kooperatibek guztiz lehiakorrak izaten jarraitzen dutela ikusiko luke. Ikerketa, formazio eta kooperatiba multzoaren inguruan hark sortutako banketxeak hemen jarraitzen duela ikusita harro sentituko litzateke. Baina, era berean, zeregina badagoela ikusiko luke. LABORAL Kutxak ere hark markatutako bidetik jarraituko du, gizarte berdinzaleago baten alde lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak