Mondrako zuzendaritza taldean eman zituen Oneida Zubia (1976) arrasatearrak lehen pausoak, kantxatik kanpo "futbolari ekarpen bat" egiteko. Gaur-gaurkoz, Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariordea da, eta haren ibilbidearen eta Futbol Federazioaren jardunaren eta helburuen inguruan hitz egin du GOIENArekin.
Zein izan da Gipuzkoako Federazioko lehendakariorde izateko egin duzun bidea?
Aldez aurretik pentsatu gabeko zerbait izan zen. Duela hamar urte inguru, burua beste zerbaitetan jarri behar nuela sentitu nuen, eta horrela iritsi nintzen Mondrako zuzendaritza taldera. Une hartan ez nekien erabaki hark nora eramango ninduen, baina Mondran bizitako esperientziak, futbolarekiko nuen loturak eta kluben errealitatea gertutik ezagutzeak beste ate batzuk ireki zizkidaten. Horietako bat Federazioarena izan zen. Izan ere, bidean, gaur egun presidente den Manu Diazekin egin nuen topo, eta orduan sortu zen Federazioan sartzeko aukera, eta, geroago, lehendakariorde izatekoa.
"Pertsonalki ikaragarrizko aukera da; futbolari beste ikuspegi batetik ekarpena egiteko aukera eman didana"
Zer-nolako aldaketa izan zen zuretzat?
Oso naturala izan dela esango nuke, futbolari beste ikuspegi batetik ekarpena egiteko aukera eman didana. Pertsonalki ere ikaragarrizko aukera da, futbola beste eginkizun batetik ezagutzekoa.
Zein da zure ardura Federazioan?
Federazioaren zuzendaritzan, klubekiko harremanetan eta jarduera instituzionalean parte hartzen dut. Baina nire lanik garrantzitsuena da klubengandik gertu egotea; hau da, haien beharrak eta kezkak entzutea eta Federazioa haien errealitatera hurbiltzea. Gipuzkoako futbolak 26.000 lizentzia eta 105 elkarte ditu. Asteburuero 450 partidu federatu inguru antolatu eta 445 epaile izendatu behar dira, besteak beste.
"Federazioa ez da lehiaketak antolatzea bakarrik; futbolaren komunitatea eraikitzea ere bada"
Hala, gertuko lagun batek dioen moduan, asteburuero Behobia bat antolatu beharra dago. Lan eta antolaketa horri aitortza eman behar zaio. Izan ere, Federazioa ez da lehiaketak antolatzea bakarrik; futbolaren inguruko komunitatea eraikitzea ere bada.
Ez da ohikoa, ordea, emakume bat futbol federazio bateko goi-karguan ikustea.
Ez da ohikoa emakumeak horrelako karguetan ikustea, baina Gipuzkoako Federazioan, gaur-gaurkoz, bost emakume gara. Badugu zer hobetu. Futbola tradizionalki gizonezkoen kirol gisa ulertu izan da, eta hori gaur egun ere nabari da. Baina, goi-karguez harago, garrantzitsuena da emakumeek futbolaren ekosistema osoan gero eta presentzia handiagoa izatea: jokalari, entrenatzaile, epaile, koordinatzaile eta, noski, baita zuzendaritza eta erabaki-guneetan ere. Hori da, hain zuzen, Gipuzkoan bultzatzen ari garen ikuspegia. Emakumeei bidea ireki behar zaie, aukerak sortu futbolaren munduan murgiltzeko.
Alde horretatik, zer-nolako pausoak ematen ari zarete?
Pauso garrantzitsuak ematen ari gara. Estatu mailan, Gipuzkoako emakumeen futbola erreferentea da. Eta lizentzien %21 inguru emakumeenak dira; Estatuko batezbestekoa, berriz, %9koa da. Gure helburua da epe ertainean lau futbolaritik bat emakumea izatea. Baina Federazioan argi daukagu ez dugula jokalari kopuruaz bakarrik jabetu behar.
"Emakumeei bidea ireki behar zaie; aukerak sortu futbolaren munduan murgiltzeko"
Emakumearen presentzia futbolaren ekosistema osoan indartu nahi dugu. Gure helburua ez da emakume bat ardura postu batean egotea salbuespena edo berri izatea, hori zerbait normala izatea baizik.
Zer egin daiteke lan hori lortzeko?
Estamentuak indartu egin behar ditugu: jokalari, epaile, entrenatzaile, koordinatzaile... eta zuzendaritza postuetan ere bai. Horretarako, duela pare bat urte, emakumeen sarea jarri genuen martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Emakumeek Gipuzkoako futbolean duten eginkizunari balioa emateko eta zelaitik harago ere parte hartzea sustatzeko.
Zer emaitza izan du horrek?
Bi urtean, ia 200 emakume entrenatzaile prestatu dira, eta emakumeen presentzia laukoiztu egin da Gipuzkoako aulkietan. Epaile berriak erakartzeko kanpainak ere egin ditugu, eta, hala, gaur egun %8 emakumezkoak dira. %10era heltzeko erronka daukagu, eta klubetako koordinatzaileen prestakuntzan ere emakumeen parte-hartzea bultzatzen ari gara, kurtsoak finantzatuz.
Zeintzuk dira federazioaren erronka nagusiak?
Guretzat oinarrizkoak diren helburu batzuei eusten diegu: klubekin gertutasuna izatea, haien beharrak entzutea eta elkarrekin ikasten jarraitzea. Berdintasuna, euskara, inklusioa eta komunitatea ere gure egitekoaren parte dira, futbola guztiontzat izatea nahi dugulako. Zelaia euskaraz bizitzeko gunea izatea gustatuko litzaiguke, eta baita jatorria, generoa edo desgaitasuna edozein dela ere denentzako lekua egotea.