Zabalik da Sainz aita-alaba arrasatearren 'Bi belaunaldi, bi begirada' akuarela erakusketa

Larraitz Zeberio Lekuona

Ignacio Sainz Larretxau Etxarri eta Matilde Sainz Osinagaren akuarelak daude ikusgai Kulturateko klaustroan. Gaur ireki dute erakusketa eta azaroaren 14ra arte egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara. Goienagusiko bazkideendako bisita gidatuak egingo ditu Matilde Sainzek azaroaren 2an eta 9an.

Gaur zabaldu dute Bi belaunaldi, bi begirada akuarela erakusketa Arrasateko Kulturateko klaustroan. Ignacio Sainz Larretxau Etxarri (Usurbil 1913-Arrasate 1979) eta Matilde Sainz Osinagaren (Arrasate 1950) lanak dira. Aita eta alaba dira eta biak akuarela egileak.

Etxarrik akuarela-ondare zabala utzi zuen. Julio Galarta margolari arrasatearraren garaikidea izan zen eta tarteka elkarrekin aritzen ziren Arrasatetik gertuko auzo batzuetan elkarrekin margotzen. Paisaietan eta naturan aurkitu zuen nagusiki inspirazioa. 

Matilde Sainzek, berriz, beste gai batzuetara ere zabaltzen du begirada, formak, koloreak eta emozioak esploratuz. Erakusketara ekarritako artelanak bi multzotan banatu daitezke: alegorikoagoak direnak eta konkretuagoak diren gaiak jasotzen dituztenak –Oteizaren apostoluak, glaziarrak urtzen, ur ertzeko figurak…–

Bi sentsibilitate ezberdin dira pinturaren bidez hitz egiten dutenak.

Bisita gidatuak

Goienagusiko kidea da Matilde Sainz Osinaga eta bi bisita gidatu egingo ditu Goienagusiko bazkideendako; azaroaren 2an euskaraz eta azaroaren 9an gazteleraz, ohikoa hitzaldiak amaitutakoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak