2026ko ekainean Venezuelan izandako lurrikararen ondorioz sortutako larrialdi egoerari erantzuteko jarri zen abian kanpaina. Erakundea herrialdean ari da lanean, besteak beste, eskola-uztearen aurka egiteko eta haur eta gazteei egunero gutxienez otordu bat bermatzeko. Era berean, herrialdetik ihesi doazenei eta mugak zeharkatzen ari diren pertsonei elikadura, babesa eta laguntza juridikoa eskaintzen dizkie.
Kanpainaren berri emateko eta bildutako dirua zertan erabiliko den azaltzeko, hitzaldia egingo dute urriaren 26an, 18:30ean, Jokin Zaitegi kultur aretoan. Bi hizlarik hartuko dute parte: Sandra Delgado Garciak, Alboan fundazioko nazioarteko lankidetzaren koordinatzaile eta larrialdietako erreferenteak, eta Asun Taboadak, Xavier Sareko larrialdietako koordinatzaileak. Taboada Venezuelatik konektatuko da, Internet bidez. Lurrikararen ondorengo larrialdiari erantzuteko koordinazio-proposamena zehazten aholkulari lanetan aritu da herrialdean.
Ekarpenak egiten jarraitzeko deia
Orain arte, pertsona eta erakunde solidarioen ekarpenei esker, 5.415 euro bildu ditu Harreman elkarteak. Elkarteak eskerrak eman dizkie diruz lagundu duten guztiei, eta Arrasateko herritarrei gogorarazi die banku-kontuek irekita jarraitzen dutela, Venezuelako herriari laguntzen jarraitzeko ekarpenak egin nahi dituztenentzat.
- Laboral Kutxa: ES23 3035 0001 50 0010042825
- Kutxabank: ES95 2095 5055 51 1061985981
- Rural Kutxa: ES83 3008 0253 49 2793534526