Yaman Mjahed: "Helburuak berbera izaten jarraitzen du: munduko txapelduna izatea"

Julen Murua Mesonero

Yaman Mjahed, borroka bat irabazi eta gero. Argazkia: Y.M.

Ubay Gonzalez borrokalaria izango du aurrean Mjahedek Gasteizko Buesa Arena estadioan jokatuko den WOW 33. jaialdian, zapatuan, 17:30ean hasita

Iazko azaroaren 28an Delffy Humerren aurka KO bidez galdu zuenetik ia urtebete igaro da, eta ordutik ez du oktogonoa zapaldu Yaman Mjahed (Arrasate, 2002) diamante arrasatearrak; ez, behintzat, WOW etxeak antolatzen dituen jaialdietan borrokatzeko. Lesio fisiko larririk izan ez duen arren, "beharrezko" etena hartu behar izan zuen Mjahedek, berriro ere sasoi onenera itzuli eta haren borrokalari ibilbideari ekiteko. Bada, hamaika hilabete igaro eta gero, bueltan da, eta Gasteizko Buesa Arenan izango du kaiola barruko sentsazioak berreskuratzeko aukera.

Zer sentitzen duzu berriro borrokatzeko eguna hurbiltzen ari dela ikusita?

Emozio handia, gogo handia eta, batez ere, nire bizimodua, ametsa eta egunerokotasuna bilakatu denera itzultzen naizela. Beharrezko geldialdi bat izan dut, nik neuk hartzea erabaki nuena, eta uste dut eragin oso positiboa izan duela nigan. Bihar islatua ikustea espero dut.

Zergatik hartu zenuen atsedenerako denbora hau? Zerk bultzatu zintuen erabakia hartzera?

Nire azken borrokaldiaren ostean konturatu nintzen fisikoki prest egotea gauza bat dela, baina mentalki prest egotea beste bat. Sentitzen nuen mentalki geldialdi bat behar nuela, neure buruarekin elkartu behar nuen; aitak esaten didan moduan: nire liburutegia ordenatu eta nire gaztelua berreraikitzen hasi hutsetik. Zero puntura itzultzea; horrela deitzea gustatzen zait. Hemendik aurrera, nire ibilbidean aurrean jartzen zaidan edozertarako prest nago. Denbora luzea izan da, baina beharrezkoa; emaitza positiboa izango du, zalantza barik.

Inoiz utzi diozu egiten zenuenaz gozatzeari?

Ez, inola ere ez. Kirol honekin hazi naiz. Karatean hasi nintzen, 6 urterekin, eta ordutik nabil entrenatzen. Kickboxing eta jiu jitsuarekin hasi nintzenean, 14 urterekin, neure buruari esan nion egunen batean munduko txapelduna eta MMAko borrokalari profesionala izango nintzela. Geroztik ez naiz gelditu eta ez dut beste bizimodu bat imajinatu, benetan maite dudalako.

Zertan ibili zara ia urtebete honetan guztian?

Azken borrokaldiaren ostean atseden hartu nuen, baina, abendutik aurrera, beste borrokaldi bat izango banu bezala entrenatu naiz. Ordutik, %100ean prestatzen ibili naiz, bihar inoiz egon naizen sasoi onenean egon nadin. Denbora honetan asko bidaiatu dut, beste borrokalari eta maisu batzuen esperientziak ikasi eta xurgatzeko. Oso ondo sentitzen naiz.

Nola aldatu zara denbora honetan guztian eta zer ondorio atera dituzu?

Gauza asko aldatu ditut. Beti esaten dut gauza asko perspektiba kontua direla; hori aldatzen duzunean, dena aldatzen da. Asko aldatu dut nire prestaketa, borroka ikusteko modua, borrokatzeko orduan neure burua proiektatzeko modua… Nire entrenamenduko azken fasea Malagan egin dut. Hilabete eta piko egon naiz han entrenatzen, eta asteazkenean Gasteizera egin genuen hegaldia. Etxetik eta familiarengandik 900 kilometro urrundu naiz hemen zentratuta egoteko. Sakrifizio gogorra izan da.

WOW 33 jaialdian borrokatuko zara, Ubay Gonzalezen aurka; nolako borrokaldia aurreikusten duzu?

Aurkari guztiek errespetua eta ohorea merezi dute, kaiolara norberarekin sartzea onartzen duten pertsonak baitira. Errespetu handia izan diet aurkariei beti, eta oraingoan ez da ezberdina izango. Baina neure burua prestatu dut hark proposatu behar duen edozertarako. Oso borroka polita izango da, dudarik gabe.

Zer ikusi beharko genuke oktogonoan Yaman Mjaheden bertsiorik onena itzuli dela esateko?

Gozatzen dabilen Yaman bat, pentsatzen ez duena, ekintza bakoitzari zentzua ematen diona eta distantzia guztiak menperatzen dituena. Baina, batez ere, lasaia eta segurua.

Etenaldi honen ostean, zeintzuk dira aurrerantzean dituzun helburuak?

Helburuak berbera izaten jarraitzen du: egunen baten munduko txapelduna izatea. Baina nahi gabe eta ametsaren atzetik joan gabe; baizik eta ametsa niregana etortzen utziz eta arreta jarriz nire esku dagoen horretan; alegia, gogor entrenatzean, gimnasioan guztia ematean eta ni neu izaten jarraitzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak