PlazaBizi ekimena: Santa Barbara parkea "pizteko" jaia urriaren 23an, urte osoan itzungi ez dadin

Jokin Bereziartua Lizarazu

Santa Barbara parkea; hura gehiago erabili dadin, jai berezia antolatu dute urriaren 23ko arratsalderako. Argazkia: PlazaBizi. 

Arimazubi eta ingurua "bizigarriago" egiteko sortutako PlazaBizi ekimenak Santa Barbara Piztu Jaia antolatu du urriaren 23rako, 17:00etatik 20:00etara. Helburua da Santa Barbarako "altxorra" arrasatearren "topagune eta bizikidetzarako gune" izatea. Urriaren 22ra arte eman daiteke izena, 688 62 68 66 telefono zenbakira deituta. 

Urriaren 23ko jai hainbat elkarterekin elkarlanean azaldu du PlazaBiziko koordinatzaile Agurtzane Loidik: "Gure helburuetako bat da herriko natura-guneak gehiago erabiltzea eta horregatik erabaki genuen jai bat antolatzea Santa Barbaran bertan, altxor hau gehiago erabili dezagun; espazio eder honek hainbat erabilera izan ditzakeela erakutsi nahi dugu. Hainbat elkarterekin eta Udalarekin batera antolatu dugu; ea eguraldia lagun dugun...". 

Hiru orduko egitaraua

Horretarako ume, gazte zein helduendako ekintzak antolatu dituzte: txalaparta; margo eta sendabelar tailerrak –mundu hori ezagutzeko eta haien propietateak ikasteko aukera egongo da–; haur eta familiendako Altxorbarbara jolasa; PlazaBizi ekimenaren baitan orain arte egindako lanak erakusten dituen argazki-erakusketa –ur txorroten ondoan–; eta bizikleta bat, bi patinete eta "mugikortasun aktibo baterako" osagarrien zozketa. Horrez gain, ekintzok girotzeko trikitilariak, pandero-joleak eta txistulariak ere ibiliko dira "zirkuituan" zehar; eta jaiari amaiera emateko Pentsauko Jatzu taldearen kontzertua ere antolatu dute ur txorroten inguruan, 19:00etan.

'Altxorbarbara', Santa Barbarako altxorraren bila

Santa Barbara Piztu Jaiko ekintza esanguratsuenetako bat da Altxorbarbara jolasa, 5 eta 10 urte arteko umeentzat prestatu duena Txatxilipurdik, eta Muzibarko biribilguneko pergolatik abiatuko dena (17:00). "Santa Barbara jolasaren bitartez ezagutzeko aukera izango dute izena eman duten umeek", dio Loidik.

Prozesua amaitu, proiektuak segi

PlazaBizi ekimena komunitatea erdigunean jarri duen herri-eredu bat garatzeko bi urteko prozesua izan da "herriak eta auzoak bizigarriagoak" egiteko. Loidik azaldu duenez, abenduan amaituko da esku-hartze zuzenen aroa baina horrek ez du esan nahi PlazaBizi orduan amaituko denik: "Kutxa Fundazioaren diru-laguntza bati esker haziak ereiten aritu gara azken bi urteotan, eta Santa Barbarako jaiak ere badu helburu lan hori erakustea. Espero dugu jarri ditugun hazi horiek fruituak ematea etorkizunean; PlazaBizi ez da abenduan amaituko, geratzeko etorri den dinamika bat da". Arimazubi eta ingurua aukeratu zen lanketarako, trantsizioko gune esanguratsua delako eta bertako auzotarrek zein eragileek interesa eta parte-hartzeko borondatea agertu zutelako. Gainera, azaldu dutenez, etorkizunean beste auzo edo herrietara esportatu daitekeen ekimena edo esperientzia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak