Emakume Txokotik azaldu dutenez, proiektu hau Arrasateko LGTBIQ+ errealitatearen diagnostikoan jasotako beharretatik abiatzen da. Diagnostikoa 2024-2025 ikasturtean egin, eta 2025eko ekainean aurkeztu. Prozesu horretan, herritarren eta eragileen bizipenak, beharrak eta kezkak jaso ziren, baita datozen urteetarako hainbat ekintza proposatu ere.
'Ikusgarriak gara' ekimenetik eratorria
Iazko ikasturtean, Emakume Txokoak LGTBIQ+ politikak eta neurriak lantzen jarraitu zuen, eta 2026ko maiatzean eta ekainean, Ikusgarriak gara lelopean, hainbat ekimen antolatu zituen. Horien artean, LGTBIQ+ komunitateko herritarren ahotsa jasotzeko mahaingurua. "Diagnostikoan zein ondorengo saioetan agerian geratu da LGTBIQ+ pertsonentzako elkargune baten beharra. Espazio horrek elkar ezagutzeko, esperientziak eta nahiak partekatzeko eta komunitate-sarea indartzeko balioko du, baita segurtasunez eta askatasunez elkartzeko aukera emateko ere", adierazi dute.
Lehen urratsa bihar emango da, hilak 21, Emakume Txokoan (18:30). Bertara hurbiltzeko gonbidapena luzatzen du Emakume Txokoak, elkargunea komunitatearen behar eta nahietatik abiatuta eraikitzeko.