Zaintzako eta etxeko lanen esparruko indarkeriaz jarduteko saioa Arrasaten, Zainsare ekimenari esker

Jokin Bereziartua Lizarazu

Iturriotz kaleko ZainSare guneko langileak eta Udaleko ordezkariak, artxiboko argazki batean. Argazkia: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak, ZainSare ekimenaren esparruan, Etxeko lanean eta zaintzan indarkeria aitortzeko eta gelditzeko gakoak izeneko jarduera iragarri du, etxeko eta zaintza lanetan diharduten langileei begira. 

Helburua zaintzaren eta etxeko lanen esparruan egon daitezkeen indarkeria egoerak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko gakoak eskaintzea da; urriaren 23an izango da saioa Iturriotz kaleko 21. zenbakian –Grupo SSIren egoitzan–, 16:00etatik 17:30era. Urriaren 23ko topaketa horretan izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, Judit Garciarekin jarri behar da harremanetan, 747 42 58 56 telefono zenbakira deituta.

Zainsare egitasmoa

Arrasateko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren laguntzarekin, ZainSare Gunea jarri zuen abian pasa den urtean modu esperimentalean. Udalaren baliabide berri horrek informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzen die etxeko eta zaintzako langileak kontratatzen dituzten edo kontratatu nahi dituzten pertsonei, baita sektorean lan egiten duten edo lan egin nahi duten langileei ere.

Zerbitzuen artean, kontratazioei buruzko aholkularitza, eskura dauden baliabideen inguruko informazioa, eskubide eta betebeharren inguruko orientazioa eta etxeko eta zaintzako langileen eta enplegatzaileen arteko eskaintza-eskariaren arteko lotura daude. Programa honen helburua zaintza-lanak balioan jartzea da, baita zaintzako langileak zaindu eta babesa ematea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak