Enpresa txiki eta ertainendako formakuntza emango du Mankomunitateak

Eneko Azurmendi Barrena

Enpresa horien beharrei erantzuteko bi prestakuntza-programa egingo dituzte azaroan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Izena eman beharko da.

Enpresa txiki eta ertainei eguneroko kudeaketan dituzten erronkei aurre egiten laguntzeko helburuarekin, formakuntza antolatu du Debagoieneko Mankomunitateak, enpresa horien "jarraitutasuna, lehiakortasuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna indartzeko" asmoz.

Bi programa izango dira, eta biek ikuspegi praktikoa izango dute. Halaber, enpresetako arduradunei haien errealitatera egokitutako tresnak eskainiko dizkiete: alde batetik, belaunaldi-erreleboa eta ezagutzaren transferentzia; bestetik, negozioaren datu ekonomikoak ulertzea eta erabaki hobeak hartzea. "Funtsezko erronkak dira biak", adierazi du Mankomunitateak.

Lehenari dagokionez, azaldu dutenez, enpresa txikietan funtsezko ezagutzak pertsona gutxi batzuen esku egon ohi dira. "Pertsona horiek erretiroa hartzen dutenean edo enpresa uzten dutenean, ezagutza hori galtzeak jardueraren jarraitutasuna arriskuan jar dezake". Hori dela eta, lau saio praktiko egingo dituzte. "Enpresa bakoitzak bere egoera aztertu, arriskuak lehenetsi eta ezagutza transferitzeko neurri zehatzak definituko ditu".

Honako hauek izango dira lau saioak, guztiak Mankomunitatean bertan, 09:00etatik 13:00etara:

  • Azaroak 5: Funtsezko lanpostuak, pertsonak eta ezagutzak identifikatzea.
  • Azaroak 12: Erreleboarekin lotutako arriskuak hautematea eta lehenestea.
  • Azaroak 19: Ezagutza transferitzeko tresna errazak ezagutzea.
  • Azaroak 26: Ibilbide-orria eta ekintza zehatzak definitzea.

Izena ematean, aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko interesa adieraz daiteke. Hemen eman beharko da izena.

Kudeaketa hobetzeko tresnak

Bestalde, Dirigir con numeros programak kudeaketa ekonomiko-finantzarioa hobetzeko tresna praktikoak emango dituela nabarmendu dute, "kontabilitatearen ikuspegi tekniko hutsetik harago". Kostuen eta marjinen azterketa, diruzaintzaren aurreikuspena eta adimen artifizialaren erabilera landuko dituzte, ohiko enpresa egoeretan oinarritutako ariketen bidez.

Lau saio presentzial izango dira, bakoitza hiru ordukoa:

  • Azaroak 6: Balantzea, emaitzen kontua eta diruzaintza ulertzea.
  • Azaroak 13: Kostuak, marjinak, prezioak eta errentagarritasuna aztertzea.
  • Azaroak 20: Likidezia, kobrantzak, ordainketak eta kontrol ekonomikoa.
  • Azaroak 27: Adimen artifiziala (ChatGPT eta Copilot) negozioa aztertzeko eta erabakiak hartzeko.

Hemen eman beharko da izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak