Zapatuan egingo dute Ziorla Fest jaialdia, bosgarrenez

Ibai Irasuegi Garai

Lepue Zapaldu taldearen kontzertua, aurtengo Leintz Gatzagako jaietan. Argazkia: Imanol Soriano.

Musakolako Jai Batzordeak auzoa "musikaz, zarataz eta giro onez" betetzeko helburuarekin antolatu du Ziorla Fest jaialdia, bosgarren aldiz. Zapatu honetan izango da, urriak 24, eta lau kontzertuk osatzen dute egitaraua. Arratsaldeko zortzietan hasiko da jaialdia, eta San Isidro plazan jarriko duten oholtza gainera igoko dira 48280, Etxepe, Lepue Zapaldu eta ASFV –bakarlaria–.

Auzoko jaiez harago, urtero badago jai-giroan herritarrak Musakolara joateko beste aitzakia bat: Ziorla Fest jaialdia. Musakolako Jai Batzordeak "Musakola bizirik mantentzeko" egun bat izateko helburuarekin sortu zuen egitasmoa, duela bost urte, eta ate-joka dago aurtengoa. "Ziorla Fest beste hainbat ekimen bezala sortu zen: Musakola bizirik mantentzeko, kaleak alaitasunez eta umore onez betetzeko eta gure auzoan bestelako ekimen batzuk antolatzeko", azaldu du Musakolako Jai Batzordeko kide Judith Delgadok.

Etxepe, Lepue Zapaldu, ASFV eta 48280 taldeek emango dituzte kontzertuak

Lau kontzertuk osatzen dute egitaraua, eta, ohi bezala, Jai Batzordeak "musika emanaldian" jarri du azpimarra egunerako. 48280, Etxepe, Lepue Zapaldu eta ASFV taldeek emango dituzte kontzertuak, eta, "azken urteetan bezala" musika estilo askotariko taldeen saioak antolatzen saiatu dira, auzora "ahalik eta jende gehien erakartzeko" eta "adin, estilo eta publiko guztietara heltzeko". Iaz bezala, egun bakarrekoa izango da jaialdia, baina kontzertuak Santa Teresa elizako plazan egin ordez San Isidro plazan izango dira. Bertan jarriko dituzte eszenatokia eta txosna, eta Delgadok adierazi du jende guztiarentzat "aukerarik egokiena" izan zitekeelako aldatu dutela jaia gunez. "Hala ere, badirudi euriak ez dizkigula gauzak erraz jarriko, baina guk ahal dugun guztia egingo dugu eguna aurrera ateratzeko", gaineratu du Delgadok.

"Gogotsu" lanean jarraitzeko

Ziorla Fest jaialdiaren bosgarren aldia izango da zapatukoa. Delgadoren esanetan, Jai Batzordeak "jaialdia herrian errotzeko" eta auzoa bizirik mantentzeko egiten duen "ahaleginaren adibide bat" da. Hori horrela, balioa eman dio azken urteetan Jai Batzordeak egindako lanari, eta nabarmendu du jaialdia "aurrera ateratzea" "lorpen handia" izan dela: "Horrelako egun bat antolatzeak lan handia dakar, baina lanean jarraitzeko asmoa daukagu, eta espero dugu gero eta jende gehiago batzea proiektu honetara".

Hala, egitasmoa aurrera ateratzen laguntzeko dei egin du Jai Batzordeko kideak, eta hurrengo edizioetan "parte hartzera" eta "Jai Batzordearekin batera" lan egitera animatu ditu herriko talde eta eragile guztiak: "Musakolarrak eta inguruko guztiak animatu nahi ditugu gure ekimenetan parte hartzera, laguntzera eta eguna giro ederrean ospatzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak