Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eskatu dituzte, eta azaldu dutenez gertakari honek indarkeria matxistak emakumeen bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzea behartu dituzte, baita indarkeria horren adierazpenak eta ondorioak aztertzeko beharra ere: "Gertatutakoa aztertzeko eta emakumeon* bizitzetan indarkeria matxistak duen eragina erdigunean jartzeko beharra azpimarratzen dugu".
Nabarmendu dute indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari dituela, eta emakumeen bizipenak, sufrimendua eta bizitzeko baldintzak erdigunean jarri behar direla esan dute indarkeriaren errealitatea ulertu eta hari aurre egiteko. "Ezin da emakumeon mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili". Hedabideei exijitu diete erantzukizunez jokatzeko, "indarkeria matxistaren larritasuna" erdigunean jartzeko eta arrazakeria ez normalizatzeko.
Erakundeei ere erantzukizuna eskatu diete, haien ardura delako indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatzea: "Emakume gazteak salatutako sexu indarkeriaren aurrean zer arreta eta babes eskaini zitzaizkion argitzea eta emakumeen beharrei erantzuteko baliabideak bermatzea eskatzen dugu. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea".
Era berean, gizonei erantzukizuna hartzeko eskatu diete, indarkeria matxista "egiturazko arazoa" delako, eta "gizarte osoari dagokiolako aurre egitea". Adierazpenean zioten Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik protokoloa aktibatu dutela, erantzun kolektiboa antolatzeko.
Elkarretaratze gehiago
Gaur eguerdian Elgetan ere egin dute elkarretaratzea, baina bihar, astelehena, Bergaran eta Oñatin ere egingo dituzte elkarretaratzeak. Bergaran, 19:00etan, Irala kalean; Oñatin, berriz, herriko plazan, 18:30ean.