Arrasateko Udaletik gogora ekarri dutenez, ordenantza berritzeko bidea maiatzaren amaieran jarri zen martxan, Udalak aurretiazko kontsulta publikoa zabaldu zuenean webgunean zein BAZen: "Lehen fase horretan herritarren lehen ideiak eta 2016ko ordenantzaren gabeziak jaso ziren. Ondoren, uztaila eta iraila bitartean, Udalak elkarrizketa eta parte-hartze saioak burutu zituen herriko dozenaka eragilerekin. Topaketa horietan ordenantzaren oinarriak aurkeztu eta sektore ezberdinen proposamenak zein kezkak bildu ziren". Eta orain, urriaren 20ko saioarekin, parte-hartze sozialaren zikloa osatuko da: "Adierazpen askatasuna, prebentzioa, garbiketa jasangarria eta erantzunkidetasuna ardatz dituen testua jendaurrean jarriko da".
"Jasangarritasuna eta prebentzioa" ardatz
Gaur egun indarrean dagoen 2016ko ordenantzaren "mugak eta sortutako gatazkak" gainditu nahi ditu testu berriak: "Horretarako, eredu berriak prebentzioa lehenetsiko du, eta herri zaintzaren ardura partekatua azpimarratuko du. Horrez gain, babes historikoa eta adierazpen askatasuna uztartzeko adierazpen libreko gune berriak zehaztuko dira, eta araubidea berrituko da, zigorraren aurretik ohartarazpena edo borondatezko zuzenketa lehenetsita".
Ondoren, osoko bilkurara
Herritarren ekarpenak jaso eta aztertu ostean, eta hala badagokio testu juridikoan txertatu ondoren, Udalak parte-hartze prozesua amaitutzat emango du. Jarraian, ordenantza berriaren proposamena osoko bilkurara eramango da, hasierako onarpena ematen; ondoren, udalbatzak bide berdea ematen dionean, alegazio-epe ofiziala irekiko da behin betiko onarpenaren aurretik. Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu urriaren 20ko saioan parte hartzera, "guztion artean herri jasangarriagoa, garbiagoa, biziagoa eta errespetuzkoagoa eraikitzeko".