Uxue Marañon: "Agurtzea, erditze-gelatik plantara esku hutsik joatea... Dena egin zitzaigun oso zaila"

Jokin Bereziartua Lizarazu

Uxue Marañon, asteon. 

Dolu Perinatalaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, urriak 15, eta "isilpeko dolua" gizarteratu nahian dabil Marañon; gaiaz berba egitea doluarentzat lagungarri dela sinetsita dago. 

Haurdunaldiko, Erditze Uneko eta Jaioberrien Doluaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, urriak 15, eta, gaia plazaratzeko asmoz, agerraldi "xume bezain sinbolikoa" egin zuten Seber Altube plazan. Bertan egon zen Luken semea galdu zuen Uxue Marañon (Arrasate, 1991); haren kasuaz eta "oraindik ere tabu" den gaia gizarteratzeko beharraz dihardu, besteak beste, GOIENArekin. 

Kontatu, mesedez, zure bizipena?

Haurdunaldiko 28. asteko ohiko proba batean medikuek esan ziguten zerbait ikusi zutela. Probara nire amarekin joan nintzen, hiru aste lehenago egindako beste proba batean dena ondo zegoenez nire amak txikia ezagutu zezan. Hurrengo asteetan probak egin zizkiguten, eta erresonantzian ikusi zen Lukenek bizitzarekin bateraezina zen malformazio bat zuela buruan. Bizitza eten zitzaigun une hartan; hainbat agertoki planteatu zizkiguten, baina bat bera ere ez Lukenentzat bizitza duin izango zuena. Egun berean bigarren iritzi bat eskatu genuen eta pronostiko bera edo okerragoa eman ziguten. Bizitzako erabakirik zailena izan da, Lukenekiko dugun eta izango dugun maitasunetik hartutakoa. Hala ere, ostekoa izan zen gogorrena: 28. astera arte neure burua eta gorputza mundura bizitza berri bat ekartzeko prestatzen egotetik, heriotza ekartzera prestatzera... Nola egin hori? Ez geunden prestatuta, inondik inora.

"Urrats bakoitza egin zitzaigun oso zaila. Nire seme Luken bizitza gabe besoetan eustea, hura besarkatzea, kontziente izatea bere begitxoak ez nituela inoiz zabalik ikusiko..."

Zer izan zen prozesuko zailena? 

Urrats bakoitza egin zitzaigun oso zaila. Nire seme Lukeni bizitza gabe besoetan eustea, hura besarkatzea, kontziente izatea bere begitxoak ez nituela inoiz zabalik ikusiko... Luken gurekin egon zen denboran erabaki behar izatea noiz hasi agurtzen, jakitea une bakarra izango zela hura Luken ikusiko nuela, erditze-gelatik plantara esku-hutsik joatea bikotekidea eta biok... Dena izan zen oso zaila, baina bi sentsazio azpimarratuko nituzke: batetik, ohartzea nire bizitza zeharo aldatu zela baina kanpotik ez zela ikusten. Alegia, jarraitzen genuela etxean bi pertsona bizitzen, txakur batekin eta ume gabe; baina ni ama izan nintzen eta ez nintzen pertsona bera... Aldaketa hori sentitzea oso zaila eta mingarria izan zen. Bestetik, amatasun bajan egotea ume bat zaintzerik ez nuenean; nola esan neure buruari zaindu behar nuena neure burua zela? Hori ulertzea ere, oso zaila. Eskerrak amatasun baja nuela, 26 aste baino gehiagoko haurdunaldi bat zelako.

"Dolua arintzen laguntzeko, babesa eta baliabideak guztien eskura izatea nahiko nuke"

Zerk lagundu zizueten aurrera egiten?

Erditzeko eta ondorengo osasun-langileen tratu onak, hitz egiteak, Lukeni espazio bat eskaintzeak, psikologo baten laguntza izateak eta ingurukoen babesa zein berotasuna sentitzeak. Bidea oso bakartia bada ere, jakiteak atzetik euste-sare bat dugula. Askotan irakurri izan dut batzuetan gertukoek ere prozesu osoa tabu bihurtu izan dutela; horregatik sentitzen dut zorteko garela, berez izugarri mingarria den prozesuan ez dugulako trauma gehigarririk bizi behar izan. Halakoak bizi izan dituzten ama guztiek ezin dute berbera esan, eta gustatuko litzaidake babesa eta baliabideak denen eskura egotea dolu hori arintzen laguntzeko.    

Zergatik da dolu perinatala isilpekoa gizarte mailan?

Heriotza historikoki gorde izan da, eta are gehiago ezkutatzen da bizitza gabe jaio den umea. Tabua da oraindik ere. Zazpi hilabeteko nengoen guri gertatu zitzaigunean, eta orduan ohartu ginen inguruan beste hainbat kasu ere bazeudela. Ez dakit zergatik den, baina argi daukat gizartean ez dela gaiaz behar beste hitz egiten; hiztegiak ere ez du hitzik gure egoera deskribatzeko, ez dago hitz bat umea galdu duen ama izendatzeko.  

"Ez dakit zergatik den, baina argi daukat gizartean ez dela gaiaz behar beste hitz egiten"

Bada garaia gaia gizarteratzeko...

Hala sentitzen dut. Gero eta gehiago egiten da berba, eta Euskal Herrian, esaterako, lan handia egiten ari da Esku Hutsik elkartea. Gizartea badoa aurrera pixkanaka, baina administrazioa ez. Horregatik irten gara plazara, sentsibilizaziorako. Lukenek badu bere espazioa gure etxean, baina nik ofizialki seme bakarra daukat, Lukenen ondoren bere anaia Aimar jaio zelako. 

Ezer gaineratuko nahiko zenuke?

Kasu bakoitza mundu bat da, eta ez dago formula edo aholku orokorrik. Gure kasuan, laguntza profesionalak eta gertukoen babes sareak lagundu gintuzten poliki-poliki irteten. Luken familiako parte da egun senideen eta lagunen artean; klabea izan da hori errekuperaziorako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak