"Bihotza zabalduta", Tattak bere bigarren lana kaleratu du, '2Lati2' izenburuduna

Ibai Irasuegi Garai

Martin Errasti 'Tatta'. Argazkia: Mario Marco.

Bi urteko lanketaren emaitza da Martin Errasti 'Tatta'-ren" '2Lati2' albuma; haren lanik "intimoena" eta "helduena" dela dio, eta, hori kaleratzearekin batera, proiektua aurkeztu zuen atzo arratsaldean Arrasaten.

Bihotzarekin lotzen du Martin Errasti Tatta-k bere musika egiteko modua, eta, hain zuzen, "bihotza zabalduta" sortu du aste honetan argitaratu berri duen 2Lati2 lana. Bi urteko lanketaren emaitza da, eta, hasiera batean EP akustiko bat egitea helburu bazuen ere, proiektuari "sakontasun handiagoa" eman dio Errastik. "Nire lanak beti izan dira bihotzetik ateratakoak, eta horrekin lotu nahi nuen albuma. Asko errepresentatzen nau bihotzak, bai esanahi eta bai figura aldetik. Beraz, iruditu zitzaidan polita zela lanari 2Lati2 izena jartzea".

Lanik "intimoena"

Hamar abestik osatzen dute diskoa, eta orain arte egindako lanik "intimoena" eta "landuena" dela dio Errastik. "Eguneroko gauzak idazten ditut, edonori gertatzen zaizkion gauzak, eta, azkenean, disko honek islatzen ditu nire bizitzaren azken bi urteak: badaude parrandak, uneak nire bikotekidearekin, lagunekin... Horiek guztiak hartzen ditu diskoak". Horren harira, Errastik ezin izan ditu ahaztu diskoa "behar bezala" osatzeko "ezinbestekoa" izan den kideen lana: "Izen askori esker atera da lana: Hodei Vicario Denso-ren lana ezinbestekoa izan da nire ideiei forma eta soinua emateko. Horrez gain, kolaborazio asko izan dira diskoan; eta lan egin dut oso gertukoak ditudan Malakiasekin eta Mutikorekin; eta baita Kiliki, Idoia Asurmendi eta Mutiko musikariekin ere".

Hamar abestik osatzen dute diskoa, eta hainbat kolaborazio izan dira diskoan

Diskoari dagokionez, bai abestien eta bai lanketarengatik ere, bere lanik "zainduena" dela adierazi du: "Disko honek badu soinu finkoagoa. Landuagoa da, eta, nire ustez, antzematen da heldutasun puntu bat ere. Izan daiteke pertsonalki ere beste etapa berri batean nagoelako".

Horretarako, abestiak egiteko lanketa ere asko aldatu dela adierazi du, eta, orotara, haren ustez, hori izan da bai musikariarentzat eta bai entzulearentzat diskoa "intimoago" egin duen arrazoietako bat: "Orain dela bi edo hiru urte hasi nintzen gitarra-eskolak hartzen, Hamarratz estudioan, eta, horri esker, musika sortzeko beste modu bat deskubritu nuen. Nik, ordura arte, baseak nituen etxean, eta horren gainean idazten nuen. Baina disko honen sortze-prozesua, alde horretatik, desberdina izan da. Izan ere, gitarra-saioetatik irtetean gitarrarekin akorde batzuk jotzean irten dira abestiak".

Albuma aurkezteko hamar kontzertu iragarri ditu Tatta-k; Andoainen lehena, azaroaren 27an

Aurkezpena, etxean

Atzo, eguena, kaleratu zen diskoa, eta, musika-plataformetan entzungai jartzeaz gain, proiektua aurkezteko ekitaldia egin zuen Errastik Arrasaten. "Azkenean, denbora asko eskaini diogun lan bat da, eta uste dut merezi zuela horrelako aurkezpen polit bat egitea, proiektuari bere garrantzia emateko eta sormen-prozesua amaitutzat emateko", azaldu du. Aurkezpenari dagokionez, arratsaldean aurkezpen-show bat egin zuten eta proiektuan parte hartu duen jendearekin berbetan ibili zen Errasti, eta, ondoren, Irati tabernan lunch-a egin zuten, eta DJ-set bat jarri.

Kontzertuak, lotuta

Lana kaleratuta, oholtza gainean aurkezteko lanetan arituko da denbora batez, eta bira bat egingo du Euskal Herrian eta Espainian zehar. 2026an hiru emanaldi egingo ditu: Andoaingo gaztetxean lehena, azaroaren 27an; Gasteizko Jimmy Jazz diskotekan, azaroaren 28an; eta Iruñeko Zentral kontzertu-aretoan azkena, abenduaren 2an. 2027rako, berriz, beste zazpi kontzertu ditu lotuta: Bilbon, Zaldibian, Azpeitian, Donostian, Madrilen, Oviedon eta Bartzelonan, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak