Arrasateko Udalak antolatuta, migrazio esperientzia hurbiletik ezagutzeko eta prozesu horren inguruko eragin emozional nahiz sozialak aztertzeko bi jarduera nagusi egingo dituzte Kulturaten.
Batetik, urriaren 20an egingo dute lehen saioa, eta migrazioaren arrazoiak eta egoerak, migrazio dolua eta prozesu horren ezaugarri bereziak landuko dituzte. Horrez gain, "pertsona guztientzat ibilbide bera edo lineala ez dela ulertuta", "integrazio egokia sustatzeko tresnak" partekatuko dituzte. Hizlaria Marisol Abreu izango da, psikologo sistemiko transpertsonala eta Emakume Txokoko Loratzen topagunearen formatzailea nahiz bideratzailea.
Lau saioko tailerra, astelehenetan
Solasaldiaz gain, azaroko astelehenetan lau saioko tailer praktiko bat egingo dute migrazio prozesuarekin lotutako bizipenak "sakonago" lantzeko. "Entzuteko, adierazteko, ulertzeko eta elkartzeko espazio segurua" eskaini nahi du tailer horrek, parte-hartzaileek haien sentimenduak izendatu, antzeko esperientziak bizi izan dituzten beste pertsona batzuekin partekatu eta pertenentzia nahiz identitate zentzua berreraiki ditzaten.
Saioak azaroaren 2an, 9an, 16an eta 23an izango dira, 17:30etik 19:30era, Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan, eta horiek ere Marisol Abreuk dinamizatuko ditu. Tailerrean parte hartzeko, izena eman beharko da, udal webgunean.