Etxean izan nahi duen sendotasuna erakutsi du Ointxek Ibaizabali irabazita

Julen Murua Mesonero

Lehenengo bi laurdenetan partida oso parekatua izan ostean, hirugarren eta laugarren laurdenetan irauli du markagailua Ointxek, Ibaizabali 73-66 irabazteko. Iratxe Perez izan da etxekoen jokalari onena 17 puntu sartu, 8 errebote eskuratu eta 3 asistentzia banatuta.

Denboraldiko etxeko lehenengo partidua jokatu du Ointxek, eta aurten sailkapenaren erdialdean egote hutsarekin ez direla konformatuko erakutsi dute David Peñarenek. Lehenengo bi laurdenetan partida oso parekatua izan da, eta arrasatearrak markagailuan atzetik iritsi dira atsedenaldira (54-56). Aldageletatik bueltan, baina, defentsan estutu eta hainbat hiruko saskiratu ostean lortu dute markagailuan 10 punturen bueltako errenta lortzea. Hala ere, aurrean izan duten taldea ez da nolanahikoa izan (iaz bigarren postuan bukatu zuen Ibaizabalek), eta hamar puntu inguruko errenta bi puntura jaistea lortu dute bizkaitarrek behin baino gehiagotan. Azkenean, momentu erabakigarrienetan fin ibili dira Ointxekoak, eta larritasun handirik igaro gabe lortu dute garaipena etxean gelditzea.

Helburu anbiziotsua

Lehenengo jardunaldian Xerezen irabazi eta gero, bigarren garaipena erdietsi du Ointxek Ibaizabalen aurka. Taldeko jokalari Iratxe Perezek adierazi du etxeko partidak irabaztea "oso garrantzitsua" dela eurentzat eta Ibaizabalen aurkako garaipena "azken hilabeteetan egindako egunerokotasuneko lan onaren emaitza" izan dela. Gainera, klubak aurten "apustu handia" egin duela onartu du, eta helburua "ahalik eta garaipen gehien lortzea" izango dela dio, sailkapeneko goiko postuengatik borrokan ibiltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak