Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna da urriaren 10a. Testuinguru horretan egin ohi dute San Juan de Dios ospitaleko terapia okupazionaleko erabiltzaileek azoka, Seber Altuben, eta gaur ere hala egin dute. "Kalera atera gara, ospatzera, aldarrikatzera eta gaia ikustaraztera", azaldu du Elena Garciak, ospitaleko terapia okupazionaleko arduradunak.
Askotariko materialak jarri dituzte salgai, urtean zehar landutako eskulanak: joskintza-tailerrean landutako askotariko materialak, kandelak, poltsak, lepokoak, eskumuturrekoak eta abar. "Erabiltzaileen gaitasunak erakustea da helburuetako bat".
Pili Romariz joskintza-tailerreko kide da, eta askotariko materialak egin ditu azokan saltzeko. "Oihalak landu ditut, baita plastikoa ere. Horrekin batera, giltzatakoak ere egin ditut", nabarmendu du.
Terapia okupazionalaren bitartez, autonomia eta funtzionalitatea lantzen dutela adierazi du Garciak, baita bizitzako arlo guztietan pertsonendako garrantzitsuak diren gauzak ere. "Gu, zehatzago esateko, aisialdian zentratzen gara. Osasun mentaleko gaixotasunak dituztenek oso egituratuta daukate haien egunerokoa. Horregatik, gure helburua da haiek ekintza jakin batean zentratu daitezen, kontzentrazioa mantendu dezaten eta zaletasunak izan ditzaten, egunen batean ospitaletik irten behar badira", gehitu du.
Esker hitzak herritarrentzat
Hamargarrenez egin dute aurten azoka eta, oro har, arrasatearren partetik "oso erantzun ona" izaten dute urtero. Aurten ere hala izan da. "Jende asko gerturatzen da eta, horrez gain, parte hartzen dute, gauzak erosten dituzte. Badakite zertarako den eta, ez dakitenek ere, jakin-mina erakusten dute, erabiltzaileekin hitz eginez. Ulermen hori eta harreman hori asko eskertzen dugu", adierazi du Garciak, eta zera gaineratu Romarizek: "Hainbat urte dira azoka honetara etortzen garenetik eta oso eskertuta gaude arrasatearrekin. Babestu egiten gaituzte eta gure lanak erosten dizkigute".