The Clash-en 'London calling' diskoa berbagai 'El club del LP' abiatzeko

Ibai Irasuegi Garai

Udal Bibliotekako langileak, Bibliotekaren Egunaren kartela eskuan dutela. Argazkia: Ibai Irasuegi. 

Datorren egubakoitzean izango da lehen saioa, Kulturaten, arratsaldeko seietan.

Datorren eguenean abiatuko dute El club del LP musika solasaldia. Arrasateko Udal Bibliotekako 2026-2027ko ikasturteko helduen programazioaren berritasun nagusia da, eta urritik apirilera bitartean estilo askotariko bost album aztertuko dituzte: album bat saio bakoitzeko.

Musika, bibliotekara

Asun Agiriano Arrasateko Udal Bibliotekako zuzendariak azaldu duenez, aspaldian ibili dira musika saila dinamizatzeko ekimen bat antolatu nahian, eta, hori horrela, musikazaleei bibliotekan topaleku bat eskaintzeko helburutik abiatu dute ekimena: "Gainera, azken urteetan musika entzuteko eta kontsumitzeko joera aldatu egin da, eta ikusi genuen musika solasaldiak egitea merezi izango zuela". Hortik sortu da El club del LP musika solasaldia, eta hilean behin Kulturateko areto nagusian egingo dituzte saioak, gazteleraz, arratsaldeko seietatik zazpi eta erdietara.

Musika saila dinamizatzeko ekimen bat antolatzeko xedez sortu dute El club del LP

Adin mugarik gabeko saioak izango dira, eta "musika-zaletasuna izan edo genero jakin bat ezagutzeko jakin-mina duen edonor" gonbidatua dagoela adierazi du Agirianok: "Gustatuko litzaiguke publiko berria erakartzea liburutegira: musikazaleak, bildumazaleak eta normalean liburutegira etortzen ez diren gazteak edo helduak erakartzea".

'London calling', hasteko

Datorren egubakoitzean, urriak 16, izango da lehen saioa, eta The Clash taldearen London calling diskoa izango dute aztergai. Arrasatear askoren "gustu musikalarekin bat" egiten duen diskoa dela dio Agirianok, eta, haren ustetan, "lan bikaina" da musika solasaldiei hasiera emateko: "80ko hamarkadan kaleratu zen punk sustraietatik datorren diskoa da, baina gaur egun ere puri-purian dauden estiloekin bat egiten du. Gainera, abestien gaiak oraindik oso gertukoak egiten zaizkigu; izan ere, besteak beste, langabezia, arraza-gatazka eta drogen kontsumoa dira lanean jorratzen dituzten gaietako batzuk".

Askotariko lanak

Saioei dagokienez, musika estilo askotariko lanak aztertuko dituzte saioetan; izan ere, Udal bibliotekako zuzendariak nabarmendu du "musikaren alfabetizazioa" sustatzea dela solasaldien helburua: "Saio hauetan ez da musika entzuten soilik; testuinguru historiko batean kokatzen dira diskoak. Haren eragin soziokulturala aztertzen da eta gaur egungo streaming bidezko kontsumoaren aurrean album kontzeptua baloratzen da".

Gertatu dituzten musika solasaldietako saioak adin guztientzat izango dira

Hala, Amy Winehouse-ren Back to black, Bob Marley & The Wailers-en Exodus eta Aretha Franklin-en Filmore west diskoak ere aztertuko dituzte; eta Ruper Ordorikaren Ni ez naiz Noruegako errege diskoaren bueltan jardungo dute apirilaren 30ean, egitasmoa euskal lan batekin amaitzeko. Joserra Rodrigo bilbotarra izango da saioaren gidaria. Eskarmentu handia du musikaren inguruko saio irekiak gidatzen. "Musika-aktibistatzat dauka bere burua. Musikazale handia da, eta komunikatzaile ona baita ere; interesa kutsatzen duen pertsona horietakoa da", dio Udal Bibliotekako zuzendariak.

Biblioteka Eguna

Urriaren 24an ospatuko dute Nazioarteko Bibliotekaren Eguna, eta, horren bueltan, Arrasateko Udal Bibliotekak zenbait ekintza antolatu ditu urrian zehar. Ekintza horien berri eman du Arrasateko Udalak aste hasieran, eta bertan jasotzen dira, hain zuzen, musika solasaldia, ipuin kontaketa musikatua, performance literarioa eta ipuin kontaketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak