Palestinako genozidioa salatu dute beste behin Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioan

Idoia Aranbarri Arzuaga

Gaur iluntzean Arrasateko plazan egin duten elkarretaratzea. (Argazkia: I.A.A.).

Gernika-Palestina herri ekimenak deituta elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsaldean Genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean; tartean, Debagoieneko hainbat herritan. Deitzaileen azaldu dutenez, hiru urteren ondoren, "Palestinaren egoera okerrera" doa.

Palestinan 1.096 eguneko "infernua" ari direla pasatzen salatu dute Arrasaten gaur iluntzeko elkarretaratzean, Xabier Madariagak Husam Ghanemen laguntzarekin Gaza hiritik idatzitako testuaren bidez: "Distantziarekin esan dezakegu hura su-eten tranpa izan zela, Israelen gazatarren artean eragiten duen agonia titularretatik kentzeko bakarrik izan duena".

Nabarmendu dute, "saldu diguten bakeak" Palestinako biztanleria lehen zuen lurraldearen %40an pilatuta mantentzen duela, eta beste %60ak armada hebreararren eskuetan jarraitzen duela, eta gaineratu dute Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen duela: "Eraikinak arriskutsuak izan arren, familia osoak etxean giltzapetuta jarraitzen du".

"Saldu diguten "bakea" heriotza gehiago da, arratoiak eta baita Israelgo armadaren hegazkinek jaurtitzen dituzten bonba kirats indartsuak ere. "Bake" horrek haur gazatarrak gosearen beldurra barneraino sartuta edukitzen ditu. Hainbeste, ezen janari plater bat jasotzen dutenean, ez baitute jaten. Beren kanpadendetara eraman, gorde eta itzultzen dira galdetzera: "Bihar ere izango al da jatekorik?"", irakurri dute hitzartzearen amaieran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak