Espekulazioaren aurkako elkarretaratzea egin du Debagoieneko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Idoia Aranbarri Arzuaga

Debagoieneko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren elkarretaratzea, gaur arratsaldean. (Argazkia: I.A.A.).

Azken asteetako gertakarien bueltako irakurketa egin du Debagoieneko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta gaur arratsaldean, Arrasateko plazan elkarretaratzea egin dute aldarrikapenak kalera ateratzeko.

Espekulazioaren aurka, etxebizitza denontzat zioen pankarta baten atzean elkartu dira mobilizazioan parte hartu duten kideak, eta etxebizitzaren eskubiaren aldeko aldarriak zabaldu dituzte, hain zuzen ere, "espekulatzaileen espropiazioa, espekulazioaren debekua eta etxegabetze guztien eteta" eskatu dituzte.

Amaierako hitzartzean adierazi dute, etxebizitzaren arazoa langile-klaseak pairatzen duen arazo ekonomiko handienetako bat dela, eta hainbat adibide ere eman dituzte, hala nola etxebizitzen prezioen gorakada, eta alokairuko etxebizitzen kontratuen epeak: "Finean, kalitatezko etxebizitza baterako sarbidea gero eta zailagoa da gehiengoarentzat".

Maricarmenen etxegabetzea eta estatu espainiarreko gobernuak bozketara aurkeztu zituen etxebizitza dekretuak ere ekarri dituzte gogora: "Dekretu honek ez ditu kaleetako aldarrikapenak jasotzen, eta gainera, langile klasearen aurkako dekretua da [...]. Era berean, Euskal Herrian ditugun administrazioen papera ere seinalatu behar dugu: Eusko Jaurlaritzak Nafar Gobernuak zein kolore guztietako Udalek negozioa indartzen duten politikak jarri dituzte martxan".

Hiru "eraldaketa sakon" ere mahaigaineratu dituzte: espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta "negozioaren esku egon diren baliabide guztiak langile klasearen zerbitzura jartzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak