Aspacelagun saria jaso du Arizmendiko Hasierako Lanbide Heziketak

Mirari Altube Arrese

Arizmendi Ikastolako Hasierako Lanbide Heziketa saritu du Aspace Gipuzkoak azken 17 urteetan "elkarrekin egindako jarduerak eta partekatutako bidea" balioesteko. Joan den urriaren 3an jaso zuen aitortza Donostian, X. Aspace Egunaren barruan.

"Bidean elkarrekin ikasi, gozatu eta haztea da Arizmendi Ikastolako hezkuntza-komunitatearen oinarrietako bat. Oinarri horren erakusgarri da Aspace Gipuzkoak Aspacelagun saria eman izana", adierazi dute Arizmendi ikastolako ordezkariek. Urriaren 3an Donostian egindako ekitaldian Aitor Guridik jaso zuen saria, Hasierako Lanbide Heziketako arduradunak.

Arizmendi Ikastolako ordezkariak sariarekin.

Hamazazpi urteko ibilbidean askotariko ekimenak eraiki dituztela elkarrekin adierazi dute: paseoak, boccia jokoa, toketak eta beste hainbat topaketa partekatu: "Jarduera horiek guztiak elkar ezagutzeko, gozatzeko eta pertsonen arteko harremanak sendotzeko aukera paregabea izan dira, parte hartu duten pertsona guztiei esperientzia aberasgarriak eskainiz".

Arizmendi Ikastolako kideek poz eta ohore handiz jaso dute aitortza: "Sari honek urte hauetan guztietan jardueretan parte hartu duten pertsona guztien ekarpena balioesten du, baita elkarlana posible egin duten guztien konpromisoa eta gogoa ere". Era berean, eskerrak eman dizkiote Aspace Gipuzkoari aitortzagatik zein partekatutako une guztiengatik, "elkarrekin ikasten eta esperientzia berriak bizitzen" jarraitzeko konpromisoa berretsiz.

Aspacek aurten omendu dituenak sariarekin: Arizmendi Ikastola, Rosabel Ausin eta Santo Tomas Lizeoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak