Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik azken asteetako gertakarien bueltako irakurketa egin dute, eta adierazi dute unea dela "aldarrikapenak kalera" ateratzeko. "Maricarmenen etxegabetzearen harira hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan Hego Euskal Herrian eta Espainiar estatuan. Ikusi dugu kasu benetan gogorra izan dela, baina ezin dugu ahaztu ez dela kasu isolatu bat, egunero egiten dituztela etxegabetzeak eta eguneroko arazo bat dela", dio Debagoieneko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Unai Garciak.
"Eraginik gabeko" dekretuak
Arazoaren bueltan Garciak adierazi du etxebizitzaren arazoa "bertatik aberasten direnek" eragiten dutela, eta nabarmendu dute arazoaren bueltan Espainiar Estatutik egiten dituzten dekretuek "ez dietela erantzuten" herritarrek kalean egiten dituzten aldarrikapenei: "Ikusi ditugu neurri batzuk onura fiskalak bermatzen dituztela, eta aldi berean, dekretuek onuraren bat ekartzen baldin badute aldi baterako izango dira".
Hiru puntu "negozioa eteteko"
Hori horrela, Garciak azaldu du sindikatutik hiru puntu identifikatu dituztela etxebizitzaren negozioa eteteko: "espekulatzailea espropiatzea; espekulazioarekin bukatzea, eta azkena, etxebizitzen banaketa behar sozialen araberakoa izatea".