Mikel Urdangarin: "Ez dugu gaztetxeetan jotzeko aukerarik izaten sarritan; gogotsu noa Arrasatera"

Aitziber Aranburuzabala Juldain

Mikel Urdangarin musikaria. Argazkia: Mikel Urdangarin. 

Kooltur Ostegunak musika zikloaren baitan, Arrasateko gaztetxean izango da Mikel Urdangarin (Amorebieta-Etxano, 1971), urriaren 8an, eguena, 22:00etan hasita.

Ia 30 urte daramatzazu taularen gainean; zelan sentitzen zara?

Zenbaki potoloa da, eta ez zait bereziki gustatzen horri begiratzea; unea bizi izatearen aldekoa naiz. Musikak eta bizimoduak berak eroaten zaitu bizitza egunero bizitzera, eta aspaldi horrela bizi naiz ni. 

Atzera eginez gero, imajinatuko zenukeen urte hauetan guztietan musikagintzan jarraituko zenuela?  

Gaitza da gogoratzea zer pentsatzen nuen nik sasoi hartan. Badakit nor nintzen eta zertan genbiltzan, baina benetan jakitea orduko Mikelek buruan zer zuen garai hartan… Baina oso argi daukat pertsona oso ameslaria nintzela eta amets egiten nuela musikarekin eta musikatik bizitzeko, eta beldurrik ez nuela ere oso argi daukat.

Pozik zaude, baina, egindakoarekin?

Bai; pozik nago. Gertatu ahal zen-eta beste arlo batzuetan ibiltzea, musika abandonatzea, auskalo zertan ibiltzea, irakaslea naiz ikasketez eta irakaskuntzara bueltatzea ere ez zen erokeria izango… Ez dakit, aldaera asko legoke, atzera begiratu ezkero eta aurrera begiratu ezkero ere bai. Ikustea ongizate mentala eta fisikoa ematen didala gehien maite dudan horretan jarraitzeak eta batez ere edukitzea nori kantatu, hau da, publiko bat egotea hor, zaharra eta berria, zuri entzuteko gertu, pribilegio bat da eta horrela bizi dut.

 "Pertsonekin geratzen zara, ezinbestekoa da hori, baina batez ere bizipenekin"

30 urte horietan, zenbat disko eta zenbat taldekide.

Eta bizipen asko, batez ere. 600 kontzertutik gora egin ditut, era guztietakoak. Diskoak asko, kolaborazioak ere bai; musikariak ere asko ezagutu ditut, nirekin taularen gainean egon direnak eta baita beste taldeetako musikariak ere, gaur egun lagunak direnak. Pertsonekin geratzen zara, ezinbestekoa da hori, baina batez ere bizipenekin.

Uhina izeneko bakarkako bira duzu abian; zelakoa da proiektu hori?  

2015ean egin nuen birarekin antzekotasun handia du. Uhina-rekin batera mantendu egin dut ohiko taldearekin dudan jarduna. Gogoeta batetik dator Uhina bira, gogo batetik, alde batetik, bakarkako formatua errekuperatu gura nuelako eta beste era batera jotzeko gogoa nuelako, hau da, soinu-azpiegitura txikiarekin. Neure buruari egin nion apustua da hori, botere gutxirekin kontzertuak duintasunez emateko kapazak ginela sentitzen nuelako, batez ere, bizi garen garaietan, non erraldoitasun batetik bizi garen kontzertuetara begira, kontrapuntu bat sortu gura nuelako neure buruarekiko, batez ere. 

Mikel Urdangarin, bakarkako formatuko kontzertu batean. Argazkia: Mikel Urdangarin.

Soila bada ere, muntaia landua du. 

Hala da; hilabeteak daroagu lanean. Soinuaren aldetik botere oso txikiarekin goaz, erantzunik potoloena topatzeko asmoz emaitzari begira. Horregatik deitzen da Uhina. Birarekin lortu nahi dugun sinbolo edo metafora bat da. Musikara dedikatzen naiz, une baten uhin batek gogor jo ninduelako. Hortaz, uhin horren bila noa ahalik eta formatu txikienean.

"Errepertorio bakoitza ezberdina izaten da, emanaldi bakoitzak bere berezitasuna izan dezan"

Atzera begiratu bat ere badu, ezta?

Azkenaldian, zuzenekoetan, pianoarekin izaten naiz gitarrarekin baino sarriago. Bada, bira aprobetxatu nahi dut kantuak bertsio originaletik ahalik eta gertuen dagoen moduan erakusteko; hau da, gitarrarekin eta ahotsarekin, oso gutxitan erakutsi izan dut-eta nola jaio diren jendeak ezagutzen dituen abestiak. Zuzenean gutxitan jo izan ditudanak ere kantu-zerrendan sartu ditugu. Errepertorio bakoitza ezberdina izaten da, emanaldi bakoitzak bere berezitasuna izan dezan. 

Otsailean abiatuta, zelan doa bira?

Gasteizko Izaskun Arrue aretoan estreinatu ondoren, Donostiako Dabadaban, Iruñeko Katakraken eta Txillida Lekun izan gara. Orokorrean, erantzun oso ona izan dute guztiek; kontzertu oso politak ari dira ateratzen.

Kooltur Ostegunak ekimenaren baitan izango zara Arrasaten. Ezagutzen duzu ekimen hori?

Egonda nago orain dela urte pila bat gaztetxean jotzen, baina ez dut ekimen horren berririk izan, nire kalterako. Datorren ostegunean konponduko da ezjakintasun hori. 

Gustura itzuliko zara Arrasateko gaztetxera?

Bai, horixe! Inoiz egin izan ditugu gaztetxe-birak, baina, normalean, ez da erraza izaten antzoki zirkuituan lanak aurkezten ibiltzen garen artistok halako tokietara heltzea. Beti esaten dut, baina, ahalik eta espazio ezberdin gehiagotara heltzea gustatzen zaidala. Beraz, gogo handiz noa Arrasatekora.

Bi bide paralelo izango dituzu, hau da, taldearekin ere jarraituko duzu.

Bai, batak ez du bestea kentzen. Taldearekin zorionez badugu lana, baina zorionez  urte asko daroat talde oso onarekin alboan; izan ere, kartela nire izenarekin sinatzen badut ere, talde-sena dago.

2024ean argitaratu zenuen azkeneko diskoa, Mundua Eder izenekoa. Baduzu besterik laberatzeko asmorik?

Hasi naiz lanean, baina epe luzera eta lasai, 2028ra begira. 2027an horretara izango naiz.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak