Areto futboleko Bigarren B Mailan oraindik ez du garaipenik ezagutzen Arrasateko Mondrate taldeak. Lehenengo jardunaldian 5-5 berdindu ostean, eta bigarrenean 5-3 galdu ostean, gaurkoan, Zaragozako taldeak jipoia eman die moreei (2-7).
Markagailuan aurreratu egin dira etxekoak, 1-0, kontraeraso bikain bati esker, baina lehenengo zatiko protagonista nagusia Oier Ganboa atezaina izan da, zalantzarik gabe. Zaragozako jokalarien zartakoak eta erremateak behin eta berriro atera ditu Ganboak ate azpitik. Hala ere, 10. minutuan, estrategia jokaldi bat ederki baliatu dute zaragozarrek 1-1ekoa korner baten ondoren lortuta.
Zaragozako atezainak oso ausart jokatu du erasoan, baloia atzetik hankarekin aterata, eta atsedenaldia heldu aurretik 1-2koa ezarri du Entrerrios taldeak, atzelari baten ezkerkada indartsuari esker.
Bigarren zatian erabat aldatu da norgehiagoka, eta Zaragozako taldeak gehiago sakatu du erasoan. 1-3koa urrutiko zartako batekin eskuratu dute, baina Mondrateren erantzuna azkarra eta bikaina izan da, eta Jokin Vazquezen mutilek 2-3koa lortu dute. Mondratek norgehiagokara sartzeko aukera izan duen unean, Zaragozako taldeak azeleragailua zapaldu du, eta orduan etorri da kanpokoen gol festa. 2-4koa paseen osteko jokaldi bikain baten ostean etorri da, eta 2-5ekoa oso jarraian lortu dute ere.
Arrasateko taldeak jokalari-atezain formula erabili du markagailuan gerturatzen saiatzeko, baina baloiak ez du nahi sareetara sartu nahi izan. Etxekoek asko arriskatu ostean, atzean utzitako espazio eta zuloak ondo aprobetxatu ditu Entrerrios Zaragozak eta azkenean 2-7koarekin bukatu da neurketa.