Dotorezia, kantxan eta harmailetan

Josu Bilbao Atxutegi

Erakustaldi ederra eman zuten Uarkapen, Murua-Zabaleta eta Altuna III-Martija bikoteek. Arrasateko jokalariak maila bikaina erakutsi zuen Jokin Altunaren aurka, eta zaleek gozatu ederra hartu zuten. Azkenean 22-18 irabazi zuten Altuna III.ak eta Martijak.

Etxeko zaleen aurrean, Maritxu Kajoi egunean, partida bikaina jokatu zuen atzo Ander Muruak. Jose Javier Zabaletarekin batera, Jokin Altuna eta Julen Martija izan zituen aurrean, eta arrasatearra ez zen besteak baino gutxiago izan Uarkapeko kantxan.

Izan ere, partida 0-4 hasi zuten Muruak eta Zabaletak, arrasatearra erasoan dotore ibili zen-eta. Zabaleta ere, atzean, Martija baino gehiago izan zen, eta urdinek 3-8koa jarri zuten markagailuan Arrasateko zaleen zoramenerako. Muruari animoak etengabe eman zizkioten harmailetatik, baina Jokin Altunak ere zaleen txaloak jaso zituen, trebeziaz tanto bikainak egin zituelako (7-9). Gorriek 9-9koa jarri zuten markagailuan, baina Ander Muruak erasokor jarraitu zuen Altuna III-aren aurka, eta 10-12koa lortu zuen. 

Amezketako pilotariak trebea eta lehiakorra dela erakutsi zuen beste behin, eta markagailuan aurretik jarri ziren gorriak 14-13. Muruak eta Zabaletak ez zuten etsi, eta Martijaren akatsak bilatu zituzten 14-18koa jartzeko, baina, beste behin Jokin Altuna txapeldun handia agertu zen aurreko koadroan, eta amezketarrak norgehiagoka berdintzea lortu zuen 18-18. Uarkapeko zaleak pozarren egon ziren partida bikainarekin eta Muruaren lanarekin, baina gorriek jarraian egin zituzten azken lau tantoak 22-18koa lortzeko.

Peña II.a jaun eta jabe

Maritxu Kajoi jaialdiko lehenengo partidan 22-11 irabazi zuten Peña II.ak eta Lizeagak. Aurrean Egiguren V.a eta Bikuña izan zituzten, eta markagailua irauli behar izan zuten, garaipena eskuratzeko. Izan ere, 5-4 jarri ostean, Jon Ander Peña jaun eta jabe izan zen Uarkapeko kantxan, eta mota guztietako erremateak eskaini zituen zaleen gozamenerako. Lizeaga ere, atzean, Bikuña baino gehiago izan zen, eta 16-7koaren ostean, gorriek erraz lortu zuten partida irabaztea (22-11).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak