Debagoieneko errepideetatik aldenduta, azkeneko hilabeteetan hamaika kilometro ari da egiten Goienako autoa. Jone Inuntziaga, Luken Ugarteburu eta Aitziber Aranburuzabala doaz barruan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena, istorio interesgarrien bila.
Araban abiatuta
Saioaren kapitulu bakoitzean herrialde horretan bizi diren hiru debagoiendarrekin elkartzen dira, eta, bizitoki duten herrian gidari-lanak egiten dizkieten bitartean, askotariko bizipenak kontatzen dizkiete giro lasaian.
Araian, Lantziegon eta Paganosen izan da hirukotea laster estreinatuko duten Arabako kapituluan. "Iñaki Jauregialtzok 47 urte daroa Araian, hango Andoni Umandi ikastolara joan zen lanera; hezkuntzan egindako ibilbidea eta zeramikaren bueltako zaletasuna ezagutu ditugu. Santos Izagirre aretxabaletarra Lantziegon bizi da, eta etxekoek duten olio-dolareaz gainera, XVIII. mendeko altxor bat erakutsiko digu. Paganosen dagoen Garcia de Olano upategian hartu gaitu Nagore Etxebarriarteun arrasatearrak; txikitatik du Paganos herriarekin harremana, baina orain dela 20 urte joan zen hara bizitzera", kontatu du saioko lantaldeak.

Futbola, kosmetika eta gehiago
Bizkaian ere izan dira grabatzen, eta istorio bitxiak aurkitu dituzte han ere: "Ainhoa Aranburuzabala oñatiarrarekin Otxandion elkartu gara; Lavandula izena duen kosmetika naturala marka du, eta laborategiko ateak zabaldu dizkigu, eta, horrez gainera, Otxandioko kaleetan zehar askotarikoak kontatu dizkigu. Futbol kontuetan murgildu gaitu Igor Arenazak, Athletic Fundazioan egiten du lan eta Larrabetzu du bizitoki; eskutik eroan gaitu, besteak beste, Lezamara, Ibaigane jauregira eta San Mames futbol zelaira. Bizkaiko kapitulua Elorrion borobildu dugu, orain dela 45 urtetik han bizi den Fernando Larrañaga autobus-gidari erretiratu elgetarrarekin elkartuta; Elorrioko kaleetan zehar paseoan herriko historiaren kontu bitxiak kontatu dizkigu eta kide zen garai bateko Txortan musika taldeko bizipenak ere ekarri dizkigu".
Kostaldean ibili da hirukotea Gipuzkoako kapitulua grabatzen. "Bergaran jaiotako baina orain dela urte asko Deban bizi den Iñaki Rementeriak askotariko fosilen bilduma erakutsi digu, eta baita bizitoki duen herriko bitxikeriak kontatu ere. Hondarribia gertutik ezagutu dugu Gari Kortazar eskoriatzarraren laguntzarekin, eta orain dela 26 urte Donostian bizi den Mari Jose Iñarra giza ugalketan espezializatua den ginekologoaren lantokian sartu gara eta Gipuzkoako hiriburuko auzoetan eta parkeetan zehar ere ibili gara".
Lau saio gehiago bidean
Zazpi saio ekoiztea da asmoa, eta horretan ari dira. "Datorren astean Lapurdin izango gara, eta han ere istorio politak aurkituko ditugu: askotariko arropak diseinatzen eta josten dituen Katalin Antxia aretxabaletarrarekin, Saran; orain dela 36 urte Zuraiden bizi eta Senpereko eskola publikoan irakasle den Susana Axpe aramaioarrekin ere batuko gara; eta baita Heletako gaztandegi bateko Haritz Aranguren elgetarrarekin ere. Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroan ere topatu ditugu eskualdeko lagunak".