Mende erdiko ibilbidea osatzeko, Komisiñokoek hainbat berrikuntza prestatu dituzte, baina, batez ere, aipatutako herrigintzak eta autogestioak jaiak egiteko garaian izandako garrantzia azpimarratu gura izan dute. "50 edizio hauek esan nahi dute herria bizirik dagoela, herrigintza bizi bat dagoela eta autogestioaren bidez jaiak antolatzeko gogoa dagoela", diote.
Berrikuntzak izango dira
Azken urteotan, gainera, Komisiñua bera indartu egin dela nabarmendu dute antolatzaileek; gazteen presentzia eta indarra bereziki azpimarratu dituzte. Horrek ekintza berriak sortu eta aurretik egiten zirenak indartzea ahalbidetu du. Edizio borobil honen harira, adibidez, Zeziaga denda ohiko lokalean erakusketa jarri dute, 50 edizioetako argazki eta materialekin. "Erakusleihoa herritarrendako eskuragarri egongo da Maritxu Kajoi Eguna igaro arte. Argazki zahar eta ez hain zaharrak ere badaude bertan. Kontuz, beraz, agian argazkiren batean zuek agertuko zarete eta", diote Komisiñokoek.
Miraria "berezia" izango da, baina ordua iritsi arte itxaron beharko dute herritarrek
tzuk izango diren jakitea ez da erraza izaten errealitatea eta fikzioa nahasten dituen egitarauan. "Fikzioaren, absurdoaren eta errealitatearen arteko jolas bat planteatzen dugu urtero. Zein den egia eta zein ez jakiteko, kalera irten beharko da konprobatzera", azaldu dute Komisiñokoek. Dena den, nobedadeen artean azpimarratzekoa da Txapela Brava taldeak Herriko Plazan 12:30ean egingo duen emanaldia. Arrasatearrak 21:00etako mirariaren zain egoten dira, eta benetan gertatuko dela esan daiteke. Komisiñokoek aurreratu dute "berezia" izango dela, baina, sorpresa denez, ikusi gura duenak 20:30eko lore-eskaintzara joan beharko duela nabarmendu dute.
Komisiñuak antolatutakoez gain, gaztetxoenendako photocall erronka antolatu dute Arrasateko gazte txokoek; Biteri plazan izango da hori, 17:30etik 19:30era.
Maritxu Kajoi, "erdigunean"
Azken urteetan bezala, Miren Barrenetxea –Mibain.mbi– artistak hartu du Maritxu Kajoi Eguneko kartela sortzeko ardura. Azaldu duenez, 50. aldiak erabat baldintzatu du proposamena. "Zalantza izan dugu; ohi bezala, beste gai bat erdigunera ekarri edo 50 edizioen aitzakian Maritxu Kajoi erdigunera ekartzea. Azkenean, bigarren aukera lehenetsi dugu", azaldu du Barrenetxeak. Hala, azken urteetako Palestinako genozidioa, feminismoa, ingurumena, pentsiodunen mugimendua eta halako gaien inguruko aldarrikapen mezuak alde batera utzi eta Maritxu Kajoik hartuko du protagonismo osoa aurten; bai kartelean, bai eskapularioan eta baita mezuan ere.

Maritxu Kajoi Eguneko kartela: Komisiñua eta Miren Barrenetxea.
Karteleko irudian, esaterako, urte hauetan erabilitako eskapularioak ageri dira, Ama Birjinaren irudiarekin eta kontraste handiko elementuekin nahastuta. "Eskapulario guztiak ez ditugu sartu, noski, baina kontzeptualki kartelean daude. Kartela osatzen duten elementuen hautaketa ere ez da kasuala; tipografia eta irudi garaikidea erabili dugu. Kolore negatiboa erabili dugu, eta eskapularioen artetik urrezko serpentinak erantsi ditugu; kartel ausarta da, 50 edizioek eskatzen duten moduan", dio Barrenetxeak.
Artistaren esanetan, kartelak ez du urteurrena soilik irudikatu nahi; duela bost hamarkada txikiteroek sortutako jai honen atzean dagoen herrigintza-lana eskertzeko modu bat ere bada. "Irudi batean 50 eskapulario eta 50 edizio biltzea erraza dirudien arren, lan handia dago atzean", amaitu du.