Ekintzailea naiz: Maier Uranga, Maitia

Babestutako edukia

Euskarazko esaldiez eta abestien hitzez osatutako arropak eta bestelako produktuak sortzen dituzte Maitia arropa dendan. Euskara eta jasangarritasuna ardatz, baina euren buruari inolako mugarik ezarri gabe.

Gaur egun "familia baten sostengua eta bizimodua" den Maitia arropa denda bertako arduradun Maier Urangak urte askoan buruan bueltaka ibilitako ideia batetik abiatu zen. Ekintzaileen proiektu askorekin gertatzen den moduan hastea kosta egiten den arren, "hasierako ilusioak eta ideia zaparradak" hastapeneko koskei aurre egiteko nahikoa indar ematen du. Hori bera gertatu zitzaion Urangari; hark dioenez, hasierako hilabeteak baino gogorragoak izan ziren proiektua egonkortzeko eta mantentzeko lan egin behar izan zituzten hilabeteak: "Hasiera oso polita izan zen; laguntza handia jaso genuen. Ostera, zailagoa izan zen urteetan mantentzea. Batzuetan pentsatzen duzu Maitiak berea egin duela, baina, bat-batean, oraindik eta gauza politagoak sortzen dira". "Naturaltasuna" ezaugarri nagusietako bat duen arropa denda da Maitia, euskara ardatz izan eta atzerriko ideiarik saltzen ez duena. Azken batean, "euskal marka arrunt bat da; ez brand, ez basque, ez country. Mondragoetarrak, rock-and-rolla gustuko dutenak"; etxekoak.

"Euskara ardatz izanda ere, ez gara Euskal Herrian soilik kontsumitzen den marka bat"

Urangak azaltzen duenez, markaren izenaren esanahiak ere zerikusi zuzena du etxekoa izatearen kontzeptuarekin: "Tia Mai esan nahi du, baina alderantziz. Nire ahizpa ume bat izatearen esperoan zegoen, eta nik oparitu nahi nion euskarazko esaldiren bat zuen body bat edo halako zerbait. Kontua da ez nuela ezer aurkitu, eta erabaki nuen haurrarentzako body bat sortzea. Beti egoten nintzen etxean koadernoan nire diseinuak sortzen, eta poliki-poliki hasi nintzen diseinuak sortzen. Hor hasi zen guztia: Tia Mai-tik, Maitia-ra".

Euskara eta jasangarritasuna

"Maitasunetik sortutako produktuak" eskaintzen dituzte. Euskarazko esaerak eta abestietako hitzak dira asko, eta edozein gauetan sortutakoak beste asko. Ideia horiek guztiak arropetara nola eraman erabakitakoan, Urangarekin batera arduradun diharduen Aitor Urizarrek serigrafiatzen ditu, horretarako modu tradizional bat erabilita, Matiaren ondoan duten tailer baten. Hori guztia egindakoan, salmentan jartzen dituzte produktuak.

Batzuentzat euskara ardatz izatea muga bihur badaiteke ere, Maitiako arduradunek ez dute horrela pentsatzen. "Sekula ez dugu pentsatu mugatuta gaudenik, ezta gutxiago ere. Euskara ardatz izanda ere, ez gara Euskal Herrian soilik kontsumitzen den marka bat; izan ere, Bartzelonara, Valentziara eta Galiziara ere bidaltzen ditugu arropak, gure helburua hori izan gabe. Hizkuntzak ez gaitu mugatzen. Maitasunetik eta barru-barrutik sortzen duzunean, euskaraz izan arren, produktua urrun heltzen da", dio Urangak.

Arroparen kontsumo masiboa "mundua txikitzen" ari dela dio Maitiako arduradunak, eta eurek hasiera-hasieratik egin duten beste apustuetako bat da jasangarritasunaren: "Ez kotoi organikoa erabiltzeko orduan bakarrik, baita langileen soldata eta baldintzak duinak izatean ere. Horretarako joan gara arropak erosten ditugun markak ezagutzera. Garestiagoa da, baina helburua da jasangarria izatea. Eta ekonomikoki zailagoa den arren, gure apustua hori izango da, beti", azaldu du.

Jendearen babesa ezinbestekoa

Arropa marka propio bat izan, diseinu erakargarriak sortu eta emaitza jendearen gustukoa izatea ez da lan makala. Baina bada azkenaldian Urangari zailtasun handiagoa eragin dion lana: sare sozialen kudeaketa. "Hasieran, oso erraz egiten nuen, baina orain, konturatu naiz jende mordoa dagoela hor atzean, eta, hortaz, pentsatu egiten ditut gauzak. Pentsatze horrek atzera botatzen nau sare sozialetara gauzak igotzeko orduan. Egun asko egoten naiz hor sartu gabe; inguru guztia jaten ari den munstroa da". Sare sozialak elikatzea zaila egiten bazaio ere, hor egotea "derrigorrezkoa" dela uste du, "jende askok hortik kontsumitzen duelako".

"Kotoi organikoarekin lantzen ditugu arropak; jasangarri izatea da helburua"

Sare sozialek duten alde ilunaz gain, gertukoa ez den jendearengana iristea ahalbidetzen dutela badaki Urangak. Hain zuzen ere, negoziotik gehien betetzen duena jendeak bidaltzen dizkien mezuak eta jasotzen duen babesa dela onartzen du: "Sortzen dugun horretatik bizitzea eta jendeak ematen digun maitasuna da gehien betetzen nauena. Egunero jasotzen ditugu mezu zoragarriak, eta gertatu izan zaigu Nafarroako herri txiki batera joan eta, bat-batean, Maitiako kamiseta soinean daraman pertsona bat ikustea. Asko hunkitzen gaitu horrek; oso polita da".

"Lan asko" egin behar izan dute Maitia dendako arduradunek hura sortu eta urte hauetan guztietan negozioa egonkortu ahal izateko, eta orain, "amets egiteko" momentua ere iritsi zaiela uste dute. 65 urte betetzen dituenean "baserrian Udalatxi begira" ikusten du bere burua Urangak; Maitiaren etorkizuna, berriz, ez du irudikatu: "Izan dadila nahi duena. Baten batek proiektuarekin jarraitu nahi badu, jarrai dezala; ni lasai egongo naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak