'Jende modernoa' eleberri grafikoa aurkeztu du Helena Azkarragaurizarrek Donostian

Ibai Irasuegi Garai

Helena Azkarragaurizar eta Bertol Arrieta gaur Donostian egindako liburuaren aurkezpenean. Argazkia: H.A.

Gaur goizean egin dute eleberriaren aurkezpena Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar argitaletxearen saltokian.

Helena Azkarragaurizar marrazkilari eta diseinatzaile arrasatearrak Bertol Arrieta idazle eta zine zuzendari zarauztarrarekin batera ondu Jende Modernoa eleberri grafikoa. Elkar argitaletxeak irailean kaleratu du idazlana eta gaur goizean aurkeztu dute liburua Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar dendan; bertan izan dira eleberria ilustratzeaz arduratu den Helena Azkarragaurizar eta Bertol Arrieta idazlea. "Aurkezpena oso ondo egon da. Azkenean prentsari zuzendutako agerraldia izan da, gehien bat, eta liburuaren nondik norakoez hitz egin genuen" adierazi du marrazkilari arrasatearrak. 

Bartzelonara bisitan joan zaion aita-seme euskaldun baten istorioa kontatzen du eleberriak, eta aitari metroak sortzen dion liluratik abiatzen da. "Istorioak ez du konplexutasunik, eta horrek gertutasuna sentiarazi diezaioke irakurleari. Gertakizun sinple batetik abiatzen bada ere, gai sozial batzuk azaleratzen dituzte istorioan", dio Azkarragaurizarrek. 

Hiru urteko proiektua

Hiru urteko proiektuaren emaitza izan da Jende Modernoa liburua. "Ez ditut hiru urteak marrazten igaro, baina Bertol eta biok ezagutu ginenetik bekara aurkezteko lana egin genuen, argitaletxeekin kontaktuan jarri ginen, eta kontratua lortu genuen eleberria ontzen hasi aurretik", azaldu du marrazkilari arrasatearrak. Lanketa prozesuaz "asko" gozatu du Azkarragaurizarrek, eta nabarmendu du "oso ondo" moldatu dela Arrietaren lan egiteko moduarekin: "Gozamena izan da. Oso modu analogikoan egin dugu lan. Beti marrazkiak, irudiak eta storyboard-a oso presente izan ditugu eta dena paperera eraman genuen guk marraztutako maketa batekin. Prozesu luze samarra izan da, baina erraza izan da lanketa". 

Arrasatearraren ardura nagusia izan da gidoia ilustratzea, baina bien arteko lana ezinbestekoa izan da marrazkietako eta gidoiko istorioek bat egiteko. Horretarako, Storyboard-a bien artean egin dute, eta, gidoiari eta ilustrazioei dagokienez, bien artean hartu dituzte erabakiak. 

Hitzak, marrazki bidez

Arrietaren istorioa marrazki bidez azaltzeko, kontakizunaren "antzerkitasunean" oinarritu zen Azkarragaurizar: "Inoiz irakurri gabe nengoen nobela grafikorik gabeko gidoi bat, eta antzerki itxura hartu nion lanari". Hori horrela, keinuei "garrantzia handia" ematen saiatu da arrasatearra, eta lan egiteko modu berri bat sortu behar izan du: "Orain arte beti aurrera eraman ditudan marrazkiak irudi bakarrarekin eta askotan hondo zuriarekin izan dira. Oraingoan, komiki bat egin behar nuenez, ia kontrakoan tematu naiz: beti atzeko alde horretan zerbait gertatzea; mugimendua egotea". 

Lanketa aberasgarria

Prozesuan beldurrei aurre egiteak, denbora luzeko lan bati heltzeak eta lanari horrenbeste denbora eskaintzeak "marrazkilari" sentiarazi diola adierazi du Azkarragaurizarrek: "Oso aberasgarria izan da hori. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat lortu genuen eta horri esker ere lortu dut lan hau kalitatez egin dut, eta behar dudan denbora eman diot.  Niretzako benetan lan garrantzitsua izan da. Marrazkilari sentiarazi nau egun askoan jarraian marrazkiak emateak". Era berean, lan egiteko modua aldatzeak ere buru hauste bat edo beste eragin diola azaldu du Azkarragaurizarrek: "Izan ditut beldurrak ere. Azken finean, ez nekien ea gai izango nintzen dena marrazteko, eta makinak, trenak eta pertsonetatik harago doan guztiak beldurra ematen zidan hasieran".

Marrazkilaritza lanak aurretik 

Eleberria aurkeztuta, Azkarragaurizarrek marrazkilaritzarekin lotutako lanekin eta proiektuekin jarraituko du; eta lan ezberdin askorekin egongo dela azaldu du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak