Urteurren orok dakar hastapenen jakin-mina eta, Maritxu Kajoik 50. edizioa biziko duenez, Maritxu-zale historikoengana ere jo du GOIENAk; tartean, lehen komisiñoko kide Juan Bautista Agirre (Arrasate, 1951) eta geroxeago komisiñora batu eta urtero festa dotoreena grina bereziz ospatzen duen Luis Pagoaga (Arrasate, 1956). 1979tik 1992ra "gutxi gorabehera", lagun kuadrilla batek deitzen zuen atentzioa kalean, ibilgailu berezietan irteten zirelako goizetik, ezin dotoreago. Boskote berezi horren parte ziren Agirre eta Pagoaga bera, eta haiekin batera, Fernando Arana, Rafa Etxabe eta Agustin Ibarluzea. Aurrerago ere irten izan ziren, baina 1980eko hamarkada izan zen euren "urrezko aroa".

Pepe Txantxoteren "Por Maritxu!"
Hastapenak ondo gogoratzen ditu Maritxu Kajoiko lehen komisiñoko kide Juan Bautista Agirrek (Arrasate, 1951): "16 bat urte genituela hasiko ginen gure kuadrillakoak txikiteoan, oraindik ia praka motzetan genbiltzala. Garai hartan tabernetan gazteak, helduak eta erretiratuak elkartzen ginen; denok nahasten ginen taberna berdinetan. Ez da gaur egun bezala, ia taberna bakoitzak bere adin-tartea duela bezero bezala".

Eta belaunaldi ezberdinak taberna berean elkartu ohi ziren testuinguru horretan, Pepe Txantxote ezagutu zuten Agirrek eta kuadrillakoek: "Txikiteoan aritzen ginen, tarteka, Pepe Txantxoterekin; ordurako makuluekin zebilen eta gogoan dut txikito bat gonbidatzen geniola ikusten genuen aldiro; Por Maritxu! esan ostean edaten zuen txikitoa. Haren ibilbidea izan ohi zen, oker ez banabil, Caserio taberna, Ezkiña, Biona eta Urizar –gaur egungo Kajoi–. Eta Erdiko Kaleko aterpe baten zegoela, kaxoi barruko ama birjina zegoen atearen parean, Txantxote agurtu genuen eta hor azaldu zigun, ohikoa zuen alaitasunarekin, kaxoi barruko Maritxuren omenez hartzen zuela txikitoa. Hasiera batean haren emaztea-edo zela uste genuen baina konturatu ginenean parrokiako ate nagusiaren gaineko ama birjinaren omenez egiten zuela; barre asko egin genituen. Hor hasi zen guztia, kuadrilla ezberdinetara hedatzen joan zen txikiteroen eguna ospatu beharra zegoela".
Kostata, baina abiatu zen festa
Lehenengo Maritxu Kajoi 1977an ospatu zen baina, Agirreren arabera, laugarren saiakeran lortu zen festa ospatzea: "1974ko urriaren 4an, grebak zirela-eta, ez zen giro izan halako ospakizun baterako. 1975eko urriaren 3an izan behar zena ere ez zen antolatu, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak tarteko eta giro politikoagatik erabaki zelako ez ospatzea [1975eko urriaren 5ean erail zuten Iñaki Etxabe Kanpazarren eta urriaren 12an German Agirre Legution]. 1976ko urriaren 1ean izan behar zena, amnistia osoa eskatzeko aldarrikapenak eta Hondarribian Guardia Zibilak Josu Zabala erail zuelako bertan behera geratu zen [1976ko urriaren 2an hil zen Juan Luis Iñarra parrokoa meza esaten ari zela] Egia da 1976an, azken orduan suspenditu zenez, kuadrilla batzuk, gurea barne, argazki batzuk atera genituela Maritxupean, hurrengo urterako prestatzen. Eta 1977an bai, orduan bai ospatu zuela Arrasatek Maritxu Kajoi Eguna".
Juan Bautista Agirre: "1976an, kuadrilla batzuk, gurea barne, argazki batzuk atera genituen Maritxupean. Eta 1977an bai, orduan bai ospatu zuela Arrasatek Maritxu Kajoi Eguna"
Agirrek gogoratzen du orduko gazteek herrian festa baten beharra zutela: "Kooperatiba gehienetan jai izaten zenez eta askok herritik irteteko ohitura zutenez, urte batzuetan galbidean egon ziren sanjuanak eta santamasak... Festa berri bat antolatzeko beharra sumatzen genuen eta horregatik erabaki zen txikiteoa bakarrik antolatzea, lantegian festa egunik eman barik. Eta zerbait ezberdina egitearren bururatu zitzaigun gizonok gorbata eta traje zaharrak janztea eta emakumeak amandreen soineko zaharrekin irtetea; ideia sinpatikoa izan zen. Horrez gain, hiru urte izan genituenez antolatzeko, eskapularioa eta kartela lehen urtetik izan genituen; geroxeago, 1981ean, etorri zen lehen miraria".
'Betobeen Semeak' txaranga, 1978an
Maritxu Kajoiren lehen urte haien adierazle, "txaranga oso berezi bat" irten zenekoa gogoratzen du Agirrek: "Arrasaten lan egiten zuen Javier Jaso beasaindarra kuadrillan genuen eta 1978an irten ginen Betobeen Semeak txarangarekin. 40 bat lagun irten ginen, kamiseta berezi bat soinean eta kalejiran, turutekin. Abestu oso gaztetatik egin izan dugu baina musikaren gaineko jakintzarik ez dugu izan, ezta lotsa handirik ez. Baina gogoan dut Betobeen Semeak txarangak asko girotu zituela Maritxu Kajoiren hastapenak, ospatzen ari ez zirenak herrikideak txarangan ikustea ederra izan zen, egia esan. Festa bat musika barik, ez da festa".

Ibilgailu bereziekin, eta ezin dotoreago
Eta jaio berri zen jai berria hauspotzeko nahitik ulertu behar da 1979tik aurrera ibilgailu berezietan eta jantzi ezin dotoreagoekin irtetearena; 1920ko Ford T autoa zein Citroen klasikoak, Romera behorrarekin diligentzia eta guzti (1985) edo Velosolex motor banarekin irten zirenekoa (1986). "Herritarrak animatzeko asmoz hasi ginen goizetik irteten... Bergarako Lasa jatetxean bapo bazkaldu eta egun osoko parranda hasi ginen egiten, gaur egungo gazte gehienen antzera".

Pagoagak Romera behorrarekin bizitakoak ondo gogoratzen ditu: "Lagun baten bidez lortu nuen Lizarra eta Iruñea arteko bidea egiten zuen diligentzia eta Rafa Etxabek jarri zuen behorra. Romera zuen izena. Maritxu Kajoi baino bi egun lehenago irakatsi behar izan genion gurditik tiratzen, eta nola edo hala moldatu ginen. Anekdota bat badago: San Andrestik gindoazela, semaforoa gorri, behorra geratu egin zen. Ez sinistekoa... baina laster ohartu ginen zebra-bideagatik geratu zela, mendian egon ohi diren lurreko metalezko barrekin-edo nahastuta. Gurditik jaitsi, eskuz tiratu eta ahal izan genuen bezala heldu ginen plazara". 1986an, Velosolex motor banarekin irten zen boskotea: "Iparraldean lortu nituen huskeria bat ordainduta; orduan ia baserri bakoitzean zegoen bat".

Mirari gogoangarrienak
Lehen miraria 1981ekoa izan zen, iturritik ardoa irten zenekoa: "Iturria jarri zenean Herriko Plazan, komisiñoko kide batek begiratu egin zuen hoditeria nondik zihoan eta aurretik prestatu genuen guztia. Eguna heldu zenean, inori ezer esan gabe, hoditeria aldatu eta ardoa sartu genuen. 20:00etan, mirari bezala, ardoa irten zen iturritik; zoragarria izan zen... Hala ere, ordubetera herritar batzuk hurbildu zitzaizkidan galdetzen ea ardo emaria eten behar genuen, ume koskorra bertatik edaten ari zirela-eta. Hoditeria aldatu zuenarengana joan eta ardo-iturria itxi egin genuen badaezpada...", dio Agirrek.

Ama birjina koruaren zuzendari jarri zutenekoa ere oso gogoan du Agirrek: "Ama birjinaren erreplika bat egin eta aparatu bat jarri genion besoetako batean; mirariaren orduan Maritxu nora zoaz? abesten ari ginela ama birjina abesbatza zuzentzen hasi zen... Denok geratu ziren aho bete hortz. Ideia erorik ez zitzaigun falta garai hartan, egia esan".
Bestalde, toreoaren miraria da, ardoarenaz gain, Pagoagari datorkion lehena: "Korroskada taldeak 1986an kaleratu zuen Torero abestiak arrakasta handia zuen garai hartan; bada, mirariaren orduan ama birjina biratu eta torero jantzita agertu zen. Hondatuta dago, baina etxean daukat Maritxu toreroa oraindik".
Bigantxak, "egitaraua ixteko"
Mirariaz harago, zehazten ez dakien urte batean, Herriko Plazan bigantxak ere antolatu zituztela gogoratzen du Pagoagak: "Gatzagako alkate Eugenio Otsoa komisiñoan zegoen orduan eta egitaraua idazteko ardura izan ohi zuen. Otsoak uste zuen Maritxu Kajoi egunari amaiera bat eman behar zitzaiola egitarauan, eta urte batean bigantxak jarri genituen goizeko lauetan. Komisiñoari esan nion ni arduratuko nintzela... Heldu zen eguna, eta 03:00etan erabat arduratuta nengoen bigantxen kamioia non ote zegoen. Bengoa taberna parean nengoela, Joxe Aldedi etorri zitzaidan galdezka ea zeren edo noren bila ari nintzen. Eta nik erantzun, abeltzainaren bila nenbilela; Aldedik esan zidan, aurrera seinalatuz, hor zegoela abeltzaina. Tipo bat ikusi nuen kapa batekin, hurbildu nintzaion, eta galdetu nion era bera zen abeltzaina; eta hark baietz. Esan nion abeltzain izateko oso dotore jantzita zegoela; haren erantzuna izan festarekin bat egiten zuela eta horregatik zihoala horren dotore. Ni harrituta geratu nintzen erantzun horrekin, baina esan nion kamioia plazara igotzeko eta bigantxak botatzen hasteko. Eta honako hau erantzun zidan: Ikusten duzu ze bustia dagoen lurra? Nik ganadua ondo zaintzen dut, eta egoera honetan ez ditut botako. Horren aurrean, esan nion botatzeko bigantxa horiek, ordainduko geniola ordaindu beharrekoa. Eta, eztabaida betean geundela, ikusi nituen atzetik lagun batzuk barre algaraka: laster konturatu nintzen abeltzaina zela esaten zuen hura Jose Luis Zumeta zela, margolari ezaguna. Ziria barruraino sartu zidaten; bai Aldedik eta bai, bereziki, Zumetak berak".
Luis Pagoaga: "Eugenio Otsoak esaten zuen Maritxu Kajoi egunari amaiera bat eman behar zitzaiola egitarauan, eta urte batean bigantxak jarri genituen goizeko lauetan"
Bigantxa bat, behintzat, irten zen urte hartan: "Hesiak jartzeaz arduratzen zirenek ez zituzten hesiak jarri baina 04:00ak aldera erabaki genuen, benetako abeltzainekin berba egin ostean, bigantxa bat ateratzea. Halako batean bigantxak plazatik ihes egin eta Muxibarreraino joan behar izan nintzen, bakarrik, bigantxaren atzetik. Bidean bospasei kotxeren ispiluak apurtu zituen animaliak... Eta eskerrak Muxibarren buelta ematea lortu nuen, Chelsea taberna zenera arte [gaur egun Buart loradenda dena]. Han, istripu eta guzti –mutil gazte bat buztanetik hartzen saiatu eta ostikada batekin masailezurra apurtuta ospitalera joan behar izan zen– sokara lotu eta lortu genuen berriz ere plazara igotzea. Plazan askatu eta berehala, anbulantziako argi guztiak apurtu zituen. Gutxira, beste herritar bat harrapatu zuen, eta konorte barik utzi. Hor erabaki genuen beste bi bigantxak ez botatzea, lehenarekin nahikoa zela. Abeltzainari 30.000-35.000 pezeta ordaindu, eta ez genuen halakorik errepikatu".
