Ander Murua: "Maritxu Kajoi Egunean jokatzea berezia izango da"

Eki Letona Erretolatza

Altuna III.a, Murua eta Zabaleta, Maritxu Kajoi Eguneko kartelarekin. Argazkia: Ander Murua.

Egubakoitzean, urriaren 2an, Maritxu Kajoi Egunean, elite mailako gizonezkoen pilota jaialdia egingo dute lehenengoz Uarkape pilotalekuan. Ander Murua arrasatearrak jokatuko du jaialdiko partida nagusia, Zabaletarekin batera, Altuna III.a eta Martijaren aurka. Sarrerak salgai daude oraindik entradasfronton.com atarian.

Maritxu Kajoi Eguna, txikiteroentzat ez ezik, pilota zaleentzat ere berezia izango da. Izan ere, lehenengoz elite mailako gizonezkoen pilota jaialdia antolatu dute egun horretarako Uarkapen, Pelota Pro Ligaren eta hura osatzen duten enpresen eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlanaren bidez. Jaialdia 18:30ean hasiko da, Peña II.a-Lizeaga eta Egiguren V.a-Bikuña bikoteen arteko partidarekin, eta ondoren jokatuko da eguneko partida nagusia: Murua-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija.

Etxean jokatzeak ilusio berezia egiten dio Ander Muruari. "Maritxu Kajoi Egunean jokatzea berezia izango da. Azkenean, txikitatik bizi izan dudan eguna da eta betidanik asko gustatu izan zait. Aurten partida edukita herrian, ilusio eta gogo handiekin nago eguna iristeko, eta seguru dena ondo joango dela", azaldu du pilotari arrasatearrak.

Gainera, Muruak espero du Uarkapeko harmailetan giro berezia sortzea. "Lehenengo aldia izanda, espero dut jendearen erantzuna ona izatea. Ea harmailetan giro ona egoten den, zale guztiak dotore jantzita berezia izango da". Pilotari arrasatearraren arabera, ekimena urtero errepikatzeko moduko hitzordu bihurtu daiteke: "Ondo badoa, ea urteroko ohitura bilakatzen den, Santamasetan bezala, eta urtero egun handi bat izatea Uarkapen".

Maila handiko norgehiagoka

Partidari dagokionez, erronka handia izango du Muruak. Altuna III.aren aurka ekainean jokatu zuen, eta orain berriro izango du aurkari aurrean. "Ez da egunero jokatzen Altunaren kontra. Ekainean izan nuen bere aurka jokatzeko aukera, eta barikuko partida berdina izan zen. Orain, urri hasieran, beste horrelako partida bat izateak ilusio handia egiten dit", azaldu du.

Oraingoan, gainera, Zabaleta izango du bikotekide. "Agian egon den atzelari onena" dela nabarmendu du Muruak. Aurrean, berriz, Altuna III.a eta Martija izango dituzte. "Martija ere bi aldiz txapeldun izandakoa da. Izugarrizko mailako partida da, eta dena eman beharko dut maila horretan egoteko".

Parranda gutxi partida ostean

Maritxu Kajoi Eguna pilotariek arrasatearren artean ospatuko duten galdetzean, partiduaren ostean pilotari guztiek batera herrian buelta bat emateko aukera gustatuko litzaioke. "Polita izango zen partidu ostean denok buelta bat ematea batera, dotore jantzita eta korbatarekin. Baina norgehiagoka orain dela gutxi antolatu zen eta hurrengo egunean batzuek partida dute". Hala ere, etorkizunerako atea zabalik utzi ditu Muruak: "Ea hurrengo urtean aukera izaten dugun eta denok gelditzen garen herrian Maritxu Kajoi Eguna ospatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak