Zabalik dago Mondragon City Challenge txapelketako izen-ematea

Eneko Azurmendi Barrena

Gaur goizean egin dute aurkezpena. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Nazioarteko Ekintzailetza Kooperatiboko Txapelketaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur Kulturaten. Parte-hartzaileek urriaren 25era arte izango dute izena-emateko aukera.

Aurreneko hiru edizioetan 374 taldek parte hartu dute, guztira 1.100 neska mutikok. Horrela, 60 izan dira edizio horietan garatu diren proiektu kooperatiboak. Jakitera eman dute, gaur abiatu den edizioan ere "parte-hartze handia" aurreikusten dutela. 

Zazpi hilabete iraungo du txapelketak, eta honako fase hauetan banatuko da: zero fasean, izen-ematea eta ideiari buruzko azalpena izango da, urriaren 25era arte; lehen fasean, epaimahai teknikoa aukeratuko dute, urriaren 26tik azaroaren 13ra, hain zuzen; bigarren fasea azaroaren 16tik otsailaren 16ra izango da, proiektuaren garapena egiteko baliatuko dutena; hirugarrenean, epaimahai profesionalak ebaluazioa egingo du, otsailaren 18tik martxoaren 17ra; laugarren fasea azken defentsaren prestaketa egiteko baliatuko dute, martxotik apirilera; eta azken bi faseak, elkarbizitza-astea eta amaiera ekitaldia izango dira. Hain zuzen, 2027ko apirilaren 23an egingo dute azken ekitaldi hori, Amaia antzokian.

Ekimenaren antolatzaileak Eusko Jaurlaritza, Arrasateko Udala, Euskadiko Kooperatiben Goien Kontseilua, Konfekoop, Mondragon Korporazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mondragon Unibertsitatea dira, eta askotariko eragileen babesa ere badu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak