Emakume Txokoak prest ditu indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak. Arretarako telefonoari dagokionez, urteroko telefono zenbaki berbera izango da: 688 80 91 37. Egubakoitzeko 18:00etatik zapatuko 08:00etara egongo da erabilgarri eta laguntza emateaz gain, informazioa edo aholkuak emango dituzte. "Telefonoa erabilgarri egongo da emakumeentzat edota LGTBI+ pertsonentzat", azaldu dute udal ordezkariek.
Bestalde, indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea Arbolapetan egongo da egubakoitzean, 18:00etatik 00:00etara. "Indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira laguntza, informazio edota aholkularitza zerbitzua emateko", gehitu dute Emakume Txokoko kideek.
Gune horren helburuak honako hauek dira, azaldu dutenez: "Indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea; emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea; babes eta elkartasun gune bat sortzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak ematea; erasotzaile izan daitezkeenei ohartaraztea dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela; eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea, eta horretarako bitartekoak eta lan tresnak eskaintzea".
Gazte Bulegoan, arreta puntua
Azkenik, Gazte Bulegoan arreta puntua egongo da. 00:00etan jarriko dute martxan, zapatuko 08:00ak arte. "Emakumeek eta neska gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da. Indarkeria sexistan eta autodefensa feministan emakume adituak aurkituko dituzu bertan", azaldu dute udal ordezkariek. "Horrez gain, espazioa irekita egongo da LGTBI komunitateak jaso dezakeen erasoen aurrean".